Katalin Antxia: "Garbi ikusi nuen lanak salbatuko ninduela"

Mirari Altube Arrese 2024ko mai. 13a, 10:50

Diseinatzailea atelierrean lanean. (Argazkia: Katalin Antxia)

Sarako atelierrean martxoan izandako lapurretari buelta emateko diru-bilketa kanpaina jarri zuen abian, eta dagoeneko ehun lagun baino gehiagoren babesa jaso du.

Martxoaren 21eko gauean lapurrak sartu ziren Katalin Antxia Abasolo (Aretxabaleta, 1988) diseinatzaileak Saran duen atelierrean. Aste Santu bezpera zen eta 60 bat pieza zituen, erabat amaituta, saltzeko gertu. Horiek eta bukatu barik zituen beste hainbat eraman zizkioten; baita diseinurako erabiltzen duen ordenagailu pertsonala, patroiak, argazkiak, ikastaldietan saltzeko izaten dituen makinak eta argazki kamera ere. Kolpe handia izan zen, baina "jendearen elkartasunari esker" aurrera egin du.

Nola joan da diru-bilketa kanpaina?

Ederto. Sekulako berotasuna eta elkartasuna jaso ditut nire lehengo bezeroengandik eta inguruko jendearengandik. Bezero berriak ere etorri dira. Dagoeneko 100 parte-hartzailetik gora ditu bonu-laguntza kanpainak. Gertaeratik burua altxatu nuenean garbi ikusi nuen lanak salbatuko ninduela. Bonuak etorkizuneko lana dira niretzako eta aurre-ordainketa horrek hilabeteko gastuak ordaintzen laguntzen dit: alokairua, argia, segurua…

Jendearengandik zer jaso duzu?

Enpatia handia, beste nolabait esateko. Minduta ikusi dut jendea. Eta laguntza eskatzera ausartu nintzenerako, eskua luzatua zidaten. Asko motibatu ninduten, benetan indarra eman zidaten. Esku-lana da nire aktibitatea, eta hori ez da egun batetik bestera egiten. Berriz atelierra betetzeko hilabeteak pasako dira. Esku-lan hau estimu handian sentitu dut eta hunkituta nago.

Zein da oraingo egoera?

Oihal berriak eskatu ditut gabardina eta alkandoren bildumak berriz abiarazteko; entregatu gabe gelditu ziren eskariak egin eta berriak hasteko. Uztailaren 13an Hendaian izango naiz, Borderlinen, Dinagu kolektiboaren azokan. Eta bestalde, uztailean Aretxabaletan egingo ditudan ikastaldientzako proiektuak garatzen nabil, horretarako behar dudan material guztia zerrendan jartzen. Gainera, aurten, bi astez jarraian izango naiz jaioterrian: uztailean 15etik 19ra eta 22tik 26ra. Aukera zabala eman nahi diet bezeroei bonuak erabiltzeko. Eta saiatuko naiz gerturatze hori mugaren bi aldeetan pareko egiten, Hegoaldean eta Iparraldean.

Eta zein da gaur egun duzun beharrik handiena?

Denbora. Jostea denbora luzea da. Ondo jostea, bi aldiz luzeagoa.

Egoera oneratzen denean bide beretik jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, noski. Uste baino publiko zabalagoa eta konprometituagoa topatu dut tragedia honetan. Zulotik ateratzeko soka bota zidaten. Orain, soka hori hari bihurtu eta merezi duten jantzia zein ikastaldia prestatu nahi diet.

Gertatutakoak ezer birplanteatzera eraman zaitu?

Nire lekua berrestera eraman nau gertatutakoak. Orain dela hamar urte, kalitatezko ekoizpen lokalaren aldeko apustua egin nuen. Eta altxor txikia ebastera etorri ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak