Doodem izeneko lana aurkeztu du Eñaut Zubizarreta Trigger (1992, Aretxabaleta) biolontxelo-jotzaileak. Hirugarren lana du aretxabaletarrak, eta, beste behin, Euskal Herrian biolontxeloaren gaineko beste ikuskera bat zabaltzeko asmoz prestatu du lan berria. Atzo jarri zuen lana plataforma digital guztietan eskuragarri.
Afrikako folka
Rock doinuak landu izan ditu, hein handi batean, Zubizarretak, baina disko berrian folk doinuak garatu ditu: Afrikako folk musikaren doinuak, zehazki. "Bestelako musika batzue- tan sakondu nahi nuen. Beti gustatu izan zait gauza ezberdinak ukitu eta ikastea. Poliki-poliki ikertzen hasi nintzen, erreferentzia ezberdinak entzuten. Erreferentzia horien bidez, teknikak kopiatzen eta barneratzen joan nintzen; eskuineko eskuan, batez ere. Hortik eratorrita pieza batzuk egin nituen eta horiei forma ematen joan nintzen poliki-poliki", adierazi du aretxabaletarrak.
Hain zuzen ere, Euskal Herrian hasi eta Afrika hegoalderaino doan bidaia musikal batean murgiltzen du entzulea Doodem diskoak. Kultura askotariko folk musika oinarri izan arren, lehen momentutik folklorismoa eta apropiazio kulturala hautsi nahi izan du biolontxelo-jotzaileak: "Lehen kezka folklorismoan ez erortzea zen, baina horrek soluzio erraza zuen. Musika hori biolontxeloarekin jotzean, kanon hori nahikotxo apurtzen duzu. Abesti bat, adibidez, Euskal Herriko folk nahasketa bat da, baina trikiti eta pandero zein txistutik ateratzen duzunean folklorismo horri hesi bat jartzen diozu, eta Afrikako musikarekin berdina gertatzen da".
Apropiazio kulturalaren kontuak, ostera, lanketa sakonagoa eragin dio Zubizarretari: "Hasieran, Poliedro Vol. 1 lanean egin bezala, lanketa musikologo bat egitea pentsatu nuen, hainbat liburu erreferentziatzat hartuta. Horrek proiektua asko luzatzea zekarren, eta aurreko proiektuko esperientziak erakutsi zidan zuzentzen natzaion komunitateak ez duela interesik erakusten horretan. Orduan, bide hori itxi eta beste gauza batzuk egiten saiatu naiz; adibidez, kontrazalean gai kulturalak lantzen dituen liburu baten aipuak sartzen ahalegindu naiz. Barrurako, Hedoiri, Asierri eta Leori testuak idazteko eskatu nizkien, eta apropiazio kulturalean erortzea ekidin eta lengoaia berri bat zabaldu ahal izateko partiturak argitaratzea ere lortu dut, azkenean".
Bakarka, kolektiboan
Doodem bakarkako lana den arren, kolektiboan jardun du diskoa aurrera ateratzeko. "Bakarkako bezala aurkezten dut, konposizioak nik eginak direlako, baina lantaldea oso zabala izan da", dio. Larraitz Iparragirrek egin dizkio diseinuak, Ainhoa Iraolak maketazioa eta Jon Ander Alberdik argazkiak. Forbidden Colours diskoetxearekin argitaratu du eta taula gainean ez da bakarrik egongo: Iñigo Xalbador saxo ba- ritonoan arituko da eta Amaiur Luluaga, dantzan.
Zuzenekoak
Xalbador eta Luluagaren la- guntzarekin zuzeneko oso bereziak osatu ditu. Hainbat pase egin zituen zuzeneko horiek probatzeko, Pasaian eta Arrasaten, eta, oraindik ere egokitzen dabilela onartu arren, ongi funtzionatu zuten. Martxoan eman zuen lehen zuzenekoa, Bilboko Loraldia jaialdian, eta gaur izango du bailarako estreinaldia, Aretxabaletako Zaraia aretoan, 20:00etan. Maiatzaren 26an, berriz, 19:30ean, Arrasateko JAMEren auditoriumean izango da.