Aretxabaletako ingurumen balioak ezagutzeko lana abian da

Mirari Altube Arrese 2024ko mai. 2a, 19:26

Udalaren ordezkari Albizu eta Etxabe eta EHUko Elosegi, Pagaldai eta Larrañaga udaletxeko lorategian. (Argazkia: Aretxabaletako Udala)

Udalerriko inguruak ezagutzeko diagnostiko baten beharra antzeman du Udal Gobernuak, eta EHUrekin elkarlanean diagnostiko bat egingo du; helburua da balio naturalak eta arriskuak identifikatzea, kudeaketa egokia egiteko etorkizunean.

Gizakiaren jarduerak "ingurunean duen eragina gero eta handiagoa" dela jakinik eta jasangarritasunaren aldeko erronkak tokiko erantzunak ere behar dituela uste izanda, Aretxabaletako Udal Gobernuak azterketa baten beharra antzeman du: "Ezinbestekoa da ingurumen-diagnostiko zehatza izatea, balio eta arrisku nagusiak ezagutu gabe ezin baitira giza jarduerak optimizatu eta etorkizun jasangarriago baterako bideak zehaztu".

EHUrekin batera

Horri heltzeko, EHUrekin elkarlanean jardutea erabaki du. Apirilaren 10a ezkero Nerea Pagaldai arrasatearrak dihardu lan hori egiten, Aitor Larrañaga eta Arturo Elosegi unibertsitateko irakasleen tutoretzapean. Hain zuzen ere, lanaren gainean jarduteko, apirilaren 18an Angel Etxabe eta Ion Albizu zinegotziekin elkartu ziren Pagaldai, Elosegi eta Larrañaga, baita bi basozainekin ere. Inguruko hainbat gunetan ere egon ziren orduan, "sakonago ezagutzeko".

Herritarren ekarpenak jaso

Lantalde horrek Aretxabaletako udalerriaren ingurumen-diagnosia egingo du. Horretarako, eremu urbanoaz gain landa-eremua eta ekosistema naturalak aztertuko ditu, eta lehenengo egitekoa izango da erakundeek jasota duten informazioa bildu eta aztertzea, esaterako, Debagoieneko Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Lan hori osatzeko, landa-irteerak egingo dituzte ikertzaileek, baita herritarren ekarpenak jaso ere, Udaleko ordezkariek adierazi dutenez: "Balio berezia duten eremuak identifikatu, haien gaineko arriskuak zerrendatu eta balizko irtenbideak zehazteko".

Txosten batean jasoko dute hori guztia, eta hor, besteak beste, honako atal hauek garatuko dituzte: ingurune fisikoa eta araudiaren araberako banaketa; flora eta fauna: intereseko espezieak eta balizko inbaditzaileak; ur-masak: kalitate ekologikoa, arrisku eta potentzialtasun nagusiak; ekosistema nagusiak: basoak, larreak…; ekosistema bereziak: labarrak, kobak…; landa-eremua: nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza; eremu urbanoak: ingurumen-egoera eta etorkizunerako mugak; eta diagnostiko orokorra: puntu berdeak –babestu beharrekoak– eta puntu beltzak –hobetu beharrekoak–, baita horiei begira Udalak egin dezakeenaren ildoak.

Diagnostiko hori Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) barruko Ingurumen Txostenaren osagarria izango dela gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak