Bilera horrek emandakoaren berri eman dute Udaletik prentsa ohar bidez eta adierazi herriak dituen zerbitzuen eta proiektuen berri eman diola alkateak: "7.000 biztanleko herria gara, beraz, tamaina ertainekoa, baina herri handiago baten antzeko zerbitzuak eskaintzen ditugu, aurrekontu askoz txikiagorekin". Ildo horretatik, "ez dela samurra zerbitzu berrien eta inbertsioen arteko oreka mantentzea" gaineratu du alkateak.
Zentro soziosanitarioa, garraioa eta Urkulu
Hiru gaitan jarri dute arreta bi erakundeetako ordezkariek.
Alde batetik, zaintza-ekosistema baterako proiektuan; osasun-zentro berrian abian jarriko den zentro soziosanitarioak erakunde guztien babesa izan beharko lukeela adierazi dio alkateak.
Bestetik, garraio publikoa izan dute hizpide. Iturbek esan dio "garrantzitsua dela erakundeen arteko lana bailarako garraio publikoa eta hiriburuekiko loturak hobetzeko". Ildo horretatik, Diputazioa eta Debagoieneko alkateak hasita daudela beharrak identifikatu eta hobetzeko bideak bilatzen gogorarazi dute.
Hirugarrenik, "Urkulu urtegiaren garrantzia" jarri du mahai gainean alkateak, "alderdi guztiak" kontuan hartuta: biztanle eta abeltzainen beharrak, aisialdi erabilera eta balio ekologikoa, esaterako. Eta inguruko "azpiegiturak mantentzeko finantziazio beharra" nabarmendu dio.
Bi aldeek komunikazio kanalak zabalik mantentzeko konpromisoa hartu dutela adierazi dute prentsa-oharrean.