Ekain Andresen heriotzaren urteurrenean, galdera asko argitzear

Mirari Altube Arrese 2024ko mar. 27a, 17:38
The Clayton taldea kantuan, iazko apirilean egindako agur ekitaldian.

Ekain Andres Iglesias gaztearen gurasoek 2023ko apirilaren 7an jaso zuten haren heriotzaren berri Vietnamdik; urtebete betetzear da, eta galdera asko dituzte oraindik, baita hura gogoan mantentzeko nahia ere, eta musika jaialdia antolatu dute lagunek.

Motor istripua izan zuen ibilgailu batekin, Vietnamen, Ekain Andres Iglesias (Aretxabaleta, 1997) gazteak. Apirilaren 7an deitu zien Elena Iglesias eta Fidel Andres gurasoei Espainiako enbaxadako kontsulak, haren heriotzaren berri emateko. Urtebete betetzear da, baina gertatu zenaren gainean ezer gutxi dakite oraindik, eta erantzunen bila jarraitzen dute.

Argi-ilun asko

"Istripuaren berri izan genuenean zurrunbilo batean murgildu ginen; bien errua izan zela esan ziguten, eta horrekin geratu ginen, ez genuen beste ezer galdetu, ezta autopsiarik eskatu ere", azaldu du Iglesiasek. Istripua gertatu eta egun batzuetara, Fidel Andresen anaia bat joan zen gorpuaren bila, eta orduan bideo bat erakutsi zioten: "Han ikus zitekeen Ekain ondo zihoala, beste ibilgailua gainera etorri zitzaiola eta ez zuela ezer egiterik izan". Horrek zalantzak sorrarazi zizkien. Gainera, kontsuletxetik gutun bat jaso zuten: "Han esaten zen ibilgailuaren gidariak 4.000 euro ematea proposatzen zuela. Ez zen zehazten zergatik, eta guk ezetza eman genion".

Ondoren, kontsulordeak jakinarazi zien epaiketa bat egongo zela, seguru asko, heriotza bat zegoelako tartean: "Argi egoteko esan zigun, Vietnamgo legea ezagututa posible zelako Ekain errudun izendatzea eta kalte-ordainak eskatzea familiari". Zalantzak izan zituzten epaiketarekin aurrera egin edo ez: "Ekainen herentziari uko eginez gero bazitekeela kalte-ordainik gure gain ez hartu behar izatea esan ziguten; eta irabaziz gero, 4.000 euro direla heriotzagatik jasoko genukeen kalte-ordaina. Baina zelan geratuko ginen ezer egin barik? Ekainen alde ezer ez egin?". Eta aurrera egitea erabaki zuten.

Prozesu oso luzea

Bidea oso malkartsua izaten dabilen arren, aurrera jarraitzen dute. Kontsulatura eskatu zuten Vietnamgo abokatuen zerrenda bat eta askori bidali zizkieten gutunak: "100i? 200i? Baina inork ez zigun erantzun. Eusko Jaurlaritzarekin jarri ginen harremanetan, erakunde askorekin ere bai, hainbat elkarterekin, baina ezer ez. Vietnamen gainean inork ez daki ezer. Eta Alacanteko lagun batzuen bitartez, azkenean, abokatu batzuen erantzuna jaso genuen; irailaren 26an iritsi zen erantzun hori: hain zuzen ere, Ekainen urtebetetze egunean".

Prozesua oso garestia izaten dabil, eta nekeza: "Ikerketak egon behar duelako, perituak behar direlako eta abokatuak; gure usteen kontra, kostu handia dute azken horiek". Baimenak bidaltzea –abokatuek familiaren ordezkari izan daitezen– ere oso prozesu luzea izan da; irail bukaeratik Gabonak arte iraun zuen, hain zuzen ere: notariotzan idatzi, Abokatuen Elkargotik pasatu, Justizia Ministeriotik, Kanpo Arazoetako Ministeriotik eta enbaxadatik Vietnamera iritsi arte.

2024ko urtarril erdian jakin zuten epaiketa prozesua zabaldu egingo zutela, eta, gaur egun, handik zein berri iritsiko zain daude. "Ez dakigu ezer; zeintzuk izango diren epeak, zein den prozesua… eta ez dakigu zer lortuko dugun". Ez dute dirurik gura, gertatutakoa argitzea baizik; honela dio Iglesiasek: "Ibilgailuaren gidariarengandik erantzunen bat gura dut, gurekin harremanetan jar dadila".

Hara joateko asmoa

Ekainen arreba, Ibone Andres, Bali uhartean (Indonesia) dago azken hilabeteotan. Praktikak egitera joan da; hain zuzen ere, Ekain han zegoen bitartean egin gura zituenak egitera. Amaren asmoa da uztail bukaeran alabarekin elkartu eta istripua izandako lekura joatea: "Abokatuei esan diet gidariari jakinarazteko noiz egongo garen han. Zer pentsatzen duen jakin nahi dut, zer sentitzen duen…" Fidel Andres aitak hauxe gaineratu du: "Kalte-ordainik ez dugu gura. Eta haren aurkako mendekurik ere ez. Hango justiziak erabaki dezala".

Musika-jaialdia

Epaiketaren kostuei aurre egiteko, Ekainlore26 ekimena jarri zuten abian; eskuz egindako eguzki-loreak saltzen jardun dute, baita poltsak ere. Izandako erantzunarekin pozik daude, eta oso eskertuta, mordoa saldu dituztelako. Era berean, munduko leku askotatik jaso dituzte mezuak: "Harekin bizitakoak kontatzen dizkigute, bideoak eta argazkiak erakutsi…". Eta sekulako babesa dabiltza jasotzen Ekainen kuadrillakoen eta lagunen aldetik: "Une oro akordatu dira gurekin: haren urtebetetze egunean, Gabonetan… Zuhaitz bat landatu zuten, eta orain, jaialdia antolatu, urteurrenaren bueltan".

Musika-jaialdia apirilaren 6an egingo dute, 18:00etan hasita, Arlutzeko kantxan, eta oholtzan izango dira honako talde hauek: Txerrikumeak, The Clayton, Kaparrak, Etxepe eta DMT (Denso, Mutiko, Tatta). "Guztiak ziren lagunak edo ingurukoak, eta hark gustuko zuen musika egiten dute". Debalde izango da eta taberna jarriko dute dirua batzeko. Aurretik bazkaltzeko elkartuko dira guztiak, senideak, lagunak eta taldeetako kideak; guztira, ia 90 lagun. Ekainek "ereindakoaren fruitua" jasotzen dabiltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak