Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiak Aretxabaletako ekosistema sozio-sanitarioaren proiektua ezagutzeko aukera izan du, eta nabarmendu du "euskal gizarte ereduaren adibide garbia" dela: "Erakunde publikoen lidergotik eta komunitatearen erabateko inplikazioarekin, pertsona bakoitzaren behar eta nahiei erantzun integral bat emateko prest dagoen gizartea izan nahi dugulako, gure gizarte zerbitzuen sarea indartuz eta osasun arloarekin loturak indartuz". Are gehiago, erantsi du "proiektuan parte hartzen duten aldeen interpretazio desberdinak gertatu" badira ere, "EAJko udal taldearen gestioei esker argitu" egin direla: "Irmoa da Aretxabaletako proiektuaren aldeko apustua".
Pradalesen arabera, "zaintza publiko, eraldatzaile, feminista eta komunitarioaren aldeko apustu argia" egiten du EAJk, eta Aretxabaletako proiektua jarri du adibidetzat. "Herritar guztien ongizatean erakusgarri izango duen proiektua, anbulatorioa eta gizarte zerbitzuak espazio berean lankidetzan bateratuko dituena, komunitateari zabalik egongo dena eta pertsona bakoitzaren beharrei erantzun integrala emateko prest egongo dena". Azken finean, haren hitzetan, "pertsona erdigunean" jarrita, "erakunde ezberdinek kudeatzen dituzten zaintza, gizarte eta osasun zerbitzuak lankidetzan" jartzen dituen "eredu berri eta eraginkor bat sustatzen" jarraitzeko asmoa dute.
Tejeria eta Peña
Pradalesek ez ezik, proiektua ezagutzeko aukera izan dute Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarrerako EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak eta Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak ere, Aretxabaletako EAJko udal taldeko kideen eskutik. Azaldu dutenez, "zaintza eredua eraldatzen" ari dira, "garai berriek eskatzen dituzten beharrizanetara etengabe moldatuz eta pertsona ororen bizitza hobetzeko helburuarekin".