Zelako harrera izan du EPak?
Oso ona; bereziki, gertukoen aldetik jaso dut erantzuna, baina orokorrean jendeari asko gustatu izan zaion sentsazioa dut. Ni neu oso pozik nago lortutakoarekin.
Gaztea Maketa Lehiaketako sari hark zabaldu dizkizu ateak?
Bai; saria 2022ko abenduan irabazi nuen, eta 2023ko urtarril hasierarako lanean hasita geunden lehen bilerak egin eta nik buruan nituen ideiei forma emateko.
Zein da Xanderren estiloa?
Hyperpop soinuetan murgildu naiz; baxu eta sintetizadore oso potenteak dituzten baseak dira. Genero hori entzunaz hasi nintzen musika egiten, eta horretan nabil oso gustura.
Ez da masa handiek kontsumitzen duten estiloa…
Ez, baina azken urteetan indarra hartzen joan da; batez ere, gazteen artean.
Neraberriak lana Gazteara aurkeztutako abestiekin osatu duzu?
Maketa lehiaketara hogei minutuko eskaintza eraman behar da, eta zazpi kantu aurkeztu nituen nik. Baina gero EPan ez daude horiek, beste zerbait adierazi gura nuen eta.
Zeintzuk dira lau abesti horien atzean dauden istorioak?
Nerabe batek bizi dituen egoerak erakutsi gura izan ditut, esperientziatik tiraka. Lehen kantua Barrukoa da eta adierazten du ezberdin sentitzearen amorrua. Muuutuuu-k, ostera, bullying-a jasan duen gazte batek zelan egiten dion horri aurre kontatzen du, norberaren benetako izaerari uko eginda gainerakoen komentarioei kasu egitearren. Blue hour-ek, ostera, osasun mentala du gai: antsietatearekin eta depresioarekin bizitzea, hain zuzen ere. Eta Bele beltza kantua da aldarrikapen bat, ezberdin sentitze horri bere lekua emateko.
Euskaraz abesteko hautua egin duzu.
Gaur-gaurkoz, ez dut buruan beste hizkuntza batean abestea. Euskara nire ama hizkuntza da eta nire bizitzan duen garrantzia musikan ere ematea merezi duela pentsatzen dut, beste alor batzuetan erabiltzen dudan moduan erabilita.
Musika munduan emakumeak gizonak baino askoz gutxiago dira, eta zuk, gainera, bakarrik jarduten duzu oholtza gainean.
Bai, egia da emakumezko erreferente gutxi daudela musikan; eta, bereziki, bakarlariak. Eroso sentitzen naiz oholtzan baina lanketa bat egin behar izan dut hori kudeatu ahal izateko, eta, azkenean, ondorioztatu dut ez badago kanonizatutako eredurik nik neuk bihurtu beharko dudala eredu ahal den eta kontzerturik onena emateko.
Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Entzuten ditudan musikariak dira, besteak beste, Luna Ki eta Rojuu. Haiek ez dute hyperpop-a bakarrik egiten, baina bai jartzen dute arreta energia handiko baseetan, eta horiek letra tristeekin osatzen dituzte.
Aretxabaletan emanaldiren bat edo beste egin duzu; etxean abesteko gogotsu ala urduri?
Beti gogotsu. Andramaixetan abestu nuen behin, eta beste ekitaldi inprobisatu batean ere bai, Basabeazpin. Zirraragarria da norberaren herrian abestea; publikoaren harrera beti da beroa, eta eskertu ere egiten dute eskaintzen duzun show-a.