Aretxabaletako elkarteen arteko sarea sendotzeko lehen pausoak

Mirari Altube Arrese 2024ko ots. 13a, 07:41

Aratz elkarteko kideak kalea batukada doinuekin girotzen, iazko urrian.

Aretxabaleta girotzen jarrai dezaten, eragileen arteko harremanak estutu gura ditu Udalak, baita baliabideak eskuratzeko erraztasunak eman eta agenda bateratua sortu ere.

Herriko elkarteetako ordezkariekin eta beste hainbat eragilerekin bilera egin zuten udal ordezkariek iazko urrian. Ibai Zangitu Kultura zinegotziak eta Nerea Zubillaga Ongizate zinegotziak Aretxabaletako ia 60 elkarte gonbidatu zituzten batzar hartara, eta 40 lagunetik gora batu ziren Arkupen. "Eskatu genien ahalegin berezia egin zezatela agertzeko, esku artean dugun ekimena garrantzitsua delako guztiontzat, eta oso pozik gaude jaso genuen erantzunarekin", adierazi du Zubillagak.

Han elkartu ziren, esaterako, gizartegintzan diharduten Aratz, Gu Haziak Gara, Caritas, Basotxo eta Atxabalta Lagunkoia; kultura arloan lan egiten duten Kuartela, Lekaixoka, Debagoieneko Antzerki Plataforma eta txistulariak, besteak beste; kirolaren bueltan dabiltzan UDA, Arlutz xake taldea eta Dorletako Ama txirrindulari elkartea; gobernuz kanpoko erakunde diren Yaakar eta Hiruatx; gastronomia elkarteak eta auzoetako jai batzordeak; baita ikastetxeak eta guraso elkarteak ere.

Harremanak "estutzea"

Aretxabaleta oso herri bizia dela uste dute udal ordezkariek: "Eta hori da, hein handi batean, askotariko elkarteak ditugulako, eragile horiek oso inplikatuta daudelako herrian eta ekintza asko antolatzen dituztelako". Era berean, uste dute ez dagoela eragileen arteko behar besteko harremanik: "Hori ikusten da, adibidez, agenda bat planifikatzeko orduan: egun batzuetan ez dago ezer eta hurrengoan bost batera". Gainera, aurretik herrigintzan jardundakoak izateak lagundu egin dezakeela uste du Zubillagak: "Gu, orain udal jardunean gauden gehienok, beste aldean ere egon izan garenez, uste dugu Udalak erraztu egin ditzakeela hainbat kontu, baita baliabideak eskura jarri ere". Eta horretan lehen pausoak emateari ekin diote.

Agenda bateratua

Hainbat lan-ildo zehaztu zituzten, eta horiek garatzen joan gura dute orain. Batetik, herriko eragileen zerrenda bat osatzea adostu zuten, erreferentziazko pertsona bat izendatuta, eta hori guztiekin partekatzea, sare bat osatzeko. Bestetik, Udalak dituen lokalen gaineko azterketa egin gura dute, horien erabilera ezagutzeko: "Gero eta eragile gehiago daude herrian, batzuk aktiboagoak eta beste batzuk sasoi baten aktibo izandakoak baina orain ez. Horregatik, jaso gura dugu bakoitzak zertarako eta noiz erabiltzen duen, eta hala banaketa egokiagoa egin", argitu du Zubillagak, eta gaineratu: "Lokal horretan sortzen diren beste kontu batzuk ere ezagutu gura ditugu; gastuak, esaterako". Lokalez gain, Udalak beste baliabide batzuk ere baditu, eta horiek ere eragileen esku uzteko gertu dago. Gainera, eragileek eurek ere daukaten materiala partekatzeko gogoa adierazi zuten: "Oso proposamen polita sortu zen haien aldetik: euren esku dituzten baliabideen inbentario antzeko bat egin eta horiek eskatzeko eta uzteko sare bat sortzea".

Batzar hartan beste behar batzuk ere jarri zituzten mahai gainean: "Hitzarmenak egiterakoan edo dirulaguntzak eskatzeko orduan zailtasunak agertu zituzten zenbaitek, ez dutelako jakintzarik edo denborarik; horiek errazteko pertsona bat jartzea aipatu zen".

Hirugarrenik, espazio egonkor baten beharra aztertzekotan geratu ziren: "Hiru hilabetean behin elkartzeko, esaterako. Hori harremanak estutzeko lagungarri izan daiteke, eta, horren osagarri, Whatsapp talde bat sortu; hori, baina, erabat zehaztu barik geratu zen".

Bukatzeko, agenda bateratua sortzea dago, eta hori aztertzen hasita dago Udala: "Barrura begira, elkarteen eta Udalaren arteko kudeaketarako, behintzat, sortuko dugu, gutxieneko antolaketa bat egon dadin geure artean. Eta gero, aztertu beharko da agenda hori zelan erakutsi herritarrei". Lehen bileran onartu zuten Arkupeko sarreraren alboan dagoen gunean Udalaren eskaintzaz gain herriko eragileen agenden berri ematea.

Horiek guztiak eta kontu gehiago lantzeko eta adosteko otsailean beste bilera bat deituko dutela adierazi du Zubillagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak