Astean ordubetez elkartzen dira eta hirurek dute lanleku taberna bateko mahaiaren buelta. Ez dira kuadrillako lagunak, ezta guraso taldeak edo lankideak ere; hitanoak batu ditu adin, ezaugarri eta egoera ezberdina duten herritarrak.
Jasone Gorroño eta Mila Zubizarreta dira beteranoenak, eta egunerokoan hitz egiteko ohitura ere badute. "Nik beti egin izan dut. Pentsa, Laboral Kutxan lan egiten nuenean, hara etorritako mutil guztiei egiten nien hika; baten batek noizbait belarrondoko bat emango zidala pentsatu izan nuen, askok ez dutelako gustuko", dio Gorroñok. Zubizarretak ere hala egiten du: "Baina alabari, adibidez, ez; ez dakit zergatik… Uste dut urte askoan desprestigiatua izan dela, eta, horren eraginez ere, kalean oso gutxi entzuten da".
Gazteagoak ere sartu dira taldeetan, ikasteko eta erabiltzen hasteko gogoz. "Entzun eta ezagutu arren ez dut sekula erabili, eta lotsa eta beldurra kendu eta mingaina askatu nahiko nuke", azaldu du Leire Langaranek. Berretsi egin du hori Jon Egidazuk, baita Orkatz Askasibarrek ere: "Nostalgia puntua ere badago. Aitajaunei eta amandreei entzuna diet anaia-arreba artean hitz egiten. Lagunen artean ere egin izan dut neuk, mutilen artean".
Xabier Ormaetxeak, ostera, transmisioa bermatzea gurako luke: "Penatuta ikusten dut transmisio falta. Orain, aplikazioa martxan dago, eta ea, ba, zerbait lortzen den".
Taldeak
Astelehen iluntzeetan elkartzen dira Jon Egidazu gatzagarra eta Leire Langaran, Xabier Ormaetxea eta Orkatz Askasibar arrasatearrak. Bigarren saioa izan dute astean, eta, hika jardun eta hitz eginez, "ikasteko gogotsu" daude.
2019az geroztik, eguaztenetan elkartzen dira Mila Zubizarreta, Jasone Gorroño eta Oier Etxebarria; ondoren, Virginia Elortondo sartu zen; eta azkenak batzen Nerea Altuna eta Jon Egidazu izan dira. Pandemia sasoian ere ez zuten hutsik egin, online elkartuta.