Alde batetik, "positiboki" baloratu du, besteak beste, Aretxabaletako EAJ udal taldeak mojetako gunean eta Andra Mari auzuneko urbanizazioetan eta kirol etxeko berdeguneko ekipamenduan inbertizea EH Bilduren udal gobernuak proposatutako aurrekontuek jarraipena ematen baitie "aurreko legegintzalditik datozen proiektuei".
Institutu berria eta Iturrigorri frontoiaren eraberritzea EAJk hauteskunde programan sartu zituzten, eta ados agertu dira instituturako beharrezko lurrak erosi nahiz frontoiaren aurreproiektua idazteko ekimenekin. Hala ere, "kezka" sortzen die bi proiektu horien nahiz legealdiko gainontzeko proiektu estrategikoen plangintza ezak: "Aurrekontua osotasunean baloratzeko orduan beharrezkoa da legegintzaldi osoko argazkia izatea eta ez da nahikoa balizko parte hartze prozesu baten menpe uztea".
Beste zenbait ekarpen
Horrekin batera sei ekarpen egin dituzte. Alde batetik, mojetako gunea eta Iturrizar-Txarapea igogailuarekin lotuko dituen proiektua: "Ur-Agentziaren baldintzetara egokitzeko partida espezifikoa zabaldu. Lehentasunezko ikusten dugu oinezko ibilbide honi jarraipena ematea".
Adierazi dute Lausitako Peas-i (Hornidura eta saneamendu sarea) buruzko aipamenik ez dagoela eta "beharrezkoa" iruditzen zaie legealdi honetan proiektua aurrera eramatea. Horregatik, 2024an eraikitze proiektua idazteko partida proposatu dute.
Hirugarren puntuan, nabarmendu dute autokaramen ur zikinak husteko gunea eraikitzea ez dela udalak eman beharreko azpiegitura, eta hori dela eta, partida hori ezabatzea planteatu dute. Haien esanetan, ibilgailuen jabeek baitaukate betebehar hori.
Eskatu dute, baita ere, herri sarreretan dauden oinezko pasabideak argiztatzeko diru partida zabaltzea, oinezkoen bide segurtasuna handitzeko.
Garbitasuna ere izan dute hizpide: "Autobus geltokien mantentzerako eta orokorrean herriko paretan txukun eta garbi izateko partidak igotzea".
Azkenik, azaldu dute bide publikoen mantentzerako partidak 40.000 euroko igoera izan behar duela, urtero 100.000 euroko partida mantentzeko beharra ikusten baitute.
Gune estalia
Aurrekontuan aurreikusi den gune estaliari dagokionez (200.000 euro), diotenez gaur egun ez dago definituta kokagune zehatzik eta ez dago aurreproiekturik. Hori aintzat hartuta proposatu dute partida 2025era atzeratzea eta 2024a baliatzea planteamendua garatzeko.