Ekitaldi mordoa Gabon giroan murgiltzeko

Mirari Altube Arrese 2023ko abe. 22a, 08:30

Herritar bat saltoki bateko erakusleihoari begira.

Erakusleiho lehiaketaren sarien berri emango du Udalak zapatu eguerdian, eta abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarekin, bete-betean sartuko dira herritarrak sasoiko ospakizunetan. Arkupen, ostera, hainbat kontzertu, antzezlan eta bertso saio izango dira egunotan; sarrerak online eros daitezke.

Gabon garaiaren erakusgarri dira egunotan herriko saltokietako erakusleihoak. Ahalegin handia egin dute merkatariek horiek apaintzen eta aditu batek erabakiko du onena zein den eta herritarrek ere izan dute gustukoenari botoa emateko aukera. Erakusleiho lehiaketaren sariak bihar, zapatua, 12:45ean banatuko ditu Udalak.

Kontzertuak eta antzerkiak

Bihar, abenduak 23, hain zuzen ere, ekingo diote egunotako kultur ekitaldiei Arkupen (19:00); etxekoNhil taldeak bigarren diskoaren birako azken kontzertua emango du, hainbat gonbidatuk lagun eginda, baina, sarrerak agortuta daude.

Abenduaren 26an (19:00), ostera, Txalo Produkzioak konpainiak Sagastitarrak antzezlan umoretsua ekarriko du eta oholtzan izango dira Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarri.

Bertsoei ere egin diete lekua, beste urte batez eta abenduaren 27an (19:00) honako bertsolariak elkartuko dira: Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi, Miren Artetxe eta Ane Zuazubizkar. Aretxabaletan bizi den Aitor Lizarazu bertso-zaleak jarritako gaiekin egin beharko dute lan horiek.

Eguenean, abenduaren 28an, gospel doinuak ekarriko ditu Goiko Gela taldeak (19:00). Karlos Etxaniz, Jon Imanol Etxabe, Olatz Otxoa eta Santi Romano ahotsek Elvis Presleyren gospel abesti ospetsuenak interpretatutako dituzte Elvis Gospel ikuskizunean.

Umeek, Munduari itzulia 80 egunetan antzezlana izango dute Sustrai Teatroaren eskutik hilaren 29an (17:00); Eriz Alberdi aktoreak Phileas Fogg-en istorioa kontatuko die zakar poltsak, erratzak, zoru-garbigailuak eta trapuak erabilita.

Aretxabaleta Abesbatzak ere egingo du Gabonetako kontzertua; abenduaren 30ean izango da (20:00), parrokian. Bi zati izango ditu emanaldiak: lehenengoan, Mozarten Koroazio meza abestuko dute, eta bigarrenean, Gabonetako kanta ezagunak.

Olentzero eta Mari Domingi

Gabon jaietako izarrak, baina, Olentzero eta Mari Domingi dira eta ohi legez, abenduaren 24 eguerdian (12.00) iritsiko dira Herriko Plazara umeen gutunak jasotzera. Aurretik, Lekaixoka bertso eskolako kideak eta Ixotu euskara taldekoak koplak kantuan ibiliko dira aurzorik auzo; 08:30ean elkartuko dira Aretxabaleta okindegian lanari ekiteko –baserritar jantzita–. Beranduago (10:30) umeek ere egingo dute kantuan herriko kaleetan eta balkoietatik botatako boloa jasoko dute saritzat. Iluntzean (18:30), eguneko bi pertsonaiek, herria zeharkatuko dute gurdian, kiroldegitik abiatuta.

Abenduaren 31n, ostera, Bizarzuriren txanda izango da eta honek ere herria zeharkatuko du (18:30). Berdin egingo dute urtarrilaren 5ean, Errege Magoek.

Urtarrilaren 3an eta 4an Gabonetako parkea izango dute 3 eta 12 urte arteko neska-mutikoek kiroldegian (11:00-13:00 eta 17:00-20:00). Eskulanen txokoa, puzgarriak, mahai-jolasak eta gehiago izango dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak