Aretxabaletan entsegu lokala duen baina herriko musikariez gain Eskoriatzako, Arrasateko eta Aramaiokoak batzen dituen Nhil seikotea "pozik" da bukatzear duten kontzertu birarekin. 41 emanaldi egin dituzte eta bihar, zapatua, Aretxabaletako Arkupe kultura etxean egingo dute azkena. "Etxean bukatu gura genuen, eta oso pozik gaude zaleek egin diguten harrerarekin, sarrera guztiak agortu egin dira eta!", dio Beñat Arrieta gitarra-joleak.
Radio 3 irratian ere bai
Euskal Herriko plaza eta areto askotan aurkeztu dituzte Bizi bagina bezala diskoko kantuak, baina baita irratiko uhinetan eta telebistan ere. "Radio 3 kateko emanaldia oso berezia izan guretzako, telebistan ere eskaini zutelako. Esperientzia oso polita izan zen Madrileraino joan eta ohituta ez gauden formatuan kontzertua grabatzea. Hondarribiko Jazz jaialdian eskaini genituen hiru kontzertuak ere oso gogoan ditugu".
Beñat Arrieta: "Hondarribiko Jazz Jaialdiko eta Radio 3-eko emanaldiak oso gogoan ditugu"
Lanean lasai jarraitzeko gogoz
Biharko emanaldiaren ondoren, atseden hartuko du seikoteak. "Tarte zabal batean kontzerturik ez ematea adostu dugu. Kantu berriekin jarriko gara lanean, baina lasai antzean. Dagoeneko hainbat kantutarako ideiak baditugu, eta horiek lantzen eta ideia berriak sortzen hasiko gara, eta denborak esango du noiz grabatuko ditugun. Ez dugu epe zehatzik jarrita; hortaz, kantuek forma hartzen dutenean grabatuko ditugu eta diskoa argitaratuko dugu ondoren. Prozesua luzea da eta ez daukagu presaka ibiltzeko asmo eta gogorik, asko gozatzen dugu-eta sormen lanetan".