"Urteetan zehar erabili diren irizpideak eta egindako landaketak ez dira beti egokienak izan", adierazi dute eta gaineratu horrek arazoak sortu izan dituela zenbait eremutan: "Batez ere landatu diren zuhaitzek ez daukatelako behar adinako espaziorik duten tamainarako. Ondorioz, urtero inausketak egin behar ditugu kontrolatzeko, fatxadetan edo espaloietan eragin negatiborik izan ez dezaten. Txorkoak edo euri-ura biltzeko lurrean egiten diren zuloak ez dira nahikoak, espaloiak altxatuta egoten dira, adarrak etxeetako leihoetaraino iristen dira, argi gutxi leku batzuetan..."
Irizpide berriak
Horregatik, landaketa berriak egiterakoan irizpide argiak izatea garrantzitsua dela diote eta bi zehaztu dituzte: espezie autoktonoak lehenestea eta dagoen espaziora egokitzea.
Dagoeneko landatuta dauden zuhaitzei dagokienez, inausketa irizpideak egoki egingo dituzte hainbat helbururekin: "Zuhaitzen garapen egokia bermatu, herritarren ongizateari egiten dioten ekarpena hobetu eta inguruko etxebizitzekin bateragarriak izan".
Xede horiek betetzeko datozen urteetan aldaketak egingo dituztela aurreratu dute honako irizpide hauen arabera: batetik, garapen librea utziko da, baina kontrolarekin, zuhaitz edo landare hori hazteko leku nahikoa dagoen eremuetan; bestetik, lekurik ez dagoen edo fatxadak hurbil dauden eremuetan, urtean behin edo bi urtean behin inausiko dituzte –dagoen espaziorako egokiagoa den espezie bat jarri ere bai behar izanez gero–; eta azkenik, udal-zerbitzuek hala uste dutenean, ale batzuk moztu edo ordezkatu egingo dituzte fatxadetatik gertu daudelako, herritarrentzat arriskutsuak direlako edo garatzeko lekurik ez dutelako.
Inausketa garaian egingo diren aldaketa horiek guztiek udal teknikarien eta kanpoko aholkularien babesa izango dutela "beti" adierazi dute Udal Gobernuko kideek: "Plan bat eta finkatutako irizpide batzuk izatea helburu dutela". Aldaketa horiek guztiak herritarren iradokizun eta eskaeratan oinarrituta ere badaudela gaineratu dute.
Azkenik, adierazi dute klima-aldaketaren erronkak ingurunea ikusteko modua aldatzera behartzen duela. "Gure kaleetako zuhaiztia ongizatearen eta osasunaren bermea da, eta horren arabera jokatu behar dugu".