AEDk 40 urte betetzen ditu aurten, eta Euskal Herrian beste hainbat elkarterendako aitzindari eta eredu izan zen. Testuinguru horretan, euskararen aldeko beste batzuk ere sortu ziren: Bergaran, Jardun; Oñatin, Laixan; Aretxabaletan, Beinke; Eskoriatzan, Axtroki; Antzuolan, Idolaz; Aramaion, Txirritola, eta Elgetan, Goibeko. Eta, hain justu ere, Aretxabaletan, Beinkeren ostean, Joakin Arana Loramendi kultur elkartea sortu zen 1993an. Loramendik 30 urte betetzen dituela-eta, AED bezala, Loramendi ere ospakizunetan murgilduko da abenduaren 10etik aurrera.
1993ko abenduaren 10ean sortu zen Loramendi elkartea; Beinke elkartea eta Loramendi ikastola batzearen emaitza izan zen. Hala oroitzen ditu Patxi Lazkanok –Loramendiren lehendakari izanak eta sortzaileetako batek– elkartea sortu aurreko pausoak: "AEDko bazkide ginenok Aretxabaletan horrelako zerbait egin nahi genuen, eta sortzeko dei bat egin genuen. Uste baino jende gehiago etorri zen, eta horrela sortu zen Beinke, 1987an". Gerora sortu zen Loramendi, 1993an, Loramendi ikastola eta Beinke elkartearen baturatik: "Hasieran, Beinke Loramendi izenaz hasi ginen, eta aurreko elkartearen helburuak mantenduz jardun genuen".
Inplikazioa eta lan handia
Ordutik, etengabe aritu dira lanean, herriari ekarpen eta onurak egitea helburu izanik. Patxi Lazkanok azaldu du hasiera batean lantalde asko izan zituztela; besteak beste, emakumeen talde bat, umeentzat beste bat, kultur taldea eta euskalkiak lantzeko taldea. Aretxagazeta izeneko egunkari bat ere izan zuten. "Loramendik harrera bikaina izan zuen herrian; izan ere, mugimendu handia zegoen orduan, eta, lan handia zegoen arren, jendea asko inplikatu zen hasieratik".
"OSASUNTSU ETA
BIZIRIK DAGO TALDEA,
BESTELA EZ
GENITUZKE 30
URTEAK BETEKO"
Oraindik ere, lan handia egiten ari dira Loramendi elkarteko kideak; gaur egun, Lierni Zangitu da lehendakaria, eta euskararen alde eta hizkuntzaren erabilera bultzatzeko urtean zehar proiektu asko dituztela azaldu du: "Alde batetik, euskararen erabilera sustatzen ahalegintzen gara; haur eta nerabeei zuzenduta, aisialdirako ludotekak eramaten ditugu, eta baita hizkuntza errefortzuak ere. Helduei ere euskara hurbiltzen saiatzen gara, Auzoko eta Berriketan programekin".
Etorkizuneko erronkak
"Lehen gazteleraz asko egiten zen, eta horri aurre nola egin asmatzea izaten zen zailena", dio Lazkanok. Urteak joan urteak etorri, erronkak berbera izaten jarraitzen du: euskararen erabilera maila handitu eta sustatzea. Hala azaldu du Zangituk: "Ez Aretxabaletan bakarrik, leku askotan, erabilera jaisten ari da, eta batez ere kaleko giroan eta hezkuntza formaletik kanpo, euskararen erabilera hori handitzea nahi dugu. Baita euskaltzaletasuna berriz bultzatzea ere; azkenaldian, epaileak hizkuntzaren aurka jarri dira, eta indarrak batu behar ditugu".
Aktiboa eta indartsua
"Osasuntsu eta bizirik dago taldea; bestela ez genituzke 30 urteak beteko", azpimarratu nahi izan du Zangituk. Hala ere, boluntario lanak "asko aldatu" direla ere gaineratu du: "Gaur egun, asko galdu da boluntario lan egitea. Egia da Aretxabaleta herri nahiko aktiboa dela, eta orokorrean herriak beti erantzuten duela. Baina gaur egun erronka bat da elkarte guztiondako musu-truk zerbait egiteko jendea lortzea, eta gizartea eraldatzen doan heinean horri aurre egiteko zer egin behar den asmatzea".
Arazoak arazo, taldea "indartsu eta aktibo" mantentzen dela azaldu du lehendakariak: "Egia da euskararekiko herria nahiko pasibo dagoela azkenaldian, eta guk talde gisa beti dauzkagula hobetzeko gauzak. Hala ere, indartsu dago taldea; izan ere, kide berriak ditugu, eta sortu dugun lantaldeari esker, Loramendi aktibo eta indartsu mantentzen da".
Urte "berezia"
Abenduaren 10ean, domekan, izango da urteurrena, eta horrekin batera ekingo diote ospakizunari; egunean bertan, omenaldia egingo zaie gonbidatu "bereziei", Loramendi elkartea sortu zuten pertsona eta elkarteei. Udaletxe zaharreko atartean izango da ekitaldia. Ospakizuna ez da egun bakarrera mugatuko, ordea, eta 2024. urteari begira jarri dira jadanik elkarteko kideak. Lierni Zangituk urte "berezia" aurreikusten duela adierazi du, ekintza ezberdinez josia: "Orain ari gara guztia prestatzen, baina kontzertuak, omenaldiak, kultur ekitaldiak eta beste asko izango ditugu. Ekintza guztiak bereziak izango dira, baita horren kutunak ditugun San Migel jaiak ere. Aurten, Loramendirentzat horren garrantzitsu diren jaiei berezitasun bat eman nahi diegu, baina aurrerago zehaztuko dugu hori guztia"