Goiz partean, 11:00etatik 13:30era, emakume sortzaileak elkartuko dira Iturrigorri pilotalekuan, haiek sortutako ekoizpenak eskaintzeko herritarrei. Han izango dira: Judith Ruiz de Munain, Josune Murgoitio, Gemma Iñiguez, eta Jaione Fernandez idazleak; Olaia Benito eta Berexiart ilustratzaileak; oihalekin egindako lanak erakusten Irama, Impossible Black eta Ehunduz; zeramika eta xaboiak eskaintzen June Larzabal, Pott keramika eta Xaboi punpuila; bitxigintzan diharduten Lara Garabatea, Dir Dir, Gilgil, Kuttun, Eskuen Art eta Leia; eta papergintzan Aiama Art, Maluke eta Hamarratz.
Bertso-saio musikatua
Bazkari feminista izango da gero (14:30), Urbaltz elkartean. Eta bazkalostean, 16:00ak bueltan, Ez da kasualitatea bertso-saio musikatua eskainiko dute Kurtzebarri eskolako aretoan. Gitarra, biolin zein saxo-doinuak lagun izanda bertsotan egingo dute Oihana Iguaran, Maider Arregi eta Ane Zuazubiskar bertsolariek, Olatz Zuazubiskarrek jarritako gaiak aintzat hartuta.
Iluntzean, elkarretaratzea
Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzea 18:30ean izango da, Herriko Plazan.
Udalaren adierazpena
Aretxabaletako udalbatzak Eudelen adierazpena onartu zuen aho batez azaroaren 15ean egindako osoko bilkuran. Hala, sexu-indarkeriak adingabeen artean gero eta eragin handiagoa duela azpimarratu dute eta arreta hor jarri: "Indarkeria mota hori ikusezinena eta normalizatuena baita, eta urtetik urtera gora egiten jarraitzen baitu". Horren arrazoiak ere eman dituzte: "Mugimendu feministak eta adituek horien arrazoiak genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana direla adierazten dute".
Horregatik, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituztela iritzita, Udalak honako ekintzak aurrera eroateko konpromisoa hartu zuen:
- • Neskei eta nerabeei zuzendutako ahalduntze-programak indartzea, sexualitateari, bikote-harremanei, maitasun erromantikoari, autodefentsa feministako tailerrei eta abarrei buruzkoak.
- • Mutiko eta mutilei zuzendutako esku-hartzeak abian jartzea, afektibitatea, harreman-ereduak, maskulinitate-ereduak edo rol sexistak eta parekidetasuna gainditzeko estrategiak lantzeko.
- • Indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea, indarkeria matxista mota berri horiei ere aurre eginez.
- • Udalerriko adingabeekin hezkuntza-prozesuak indartzea, Beldur Barik programaren eta tokiko beste ekimen batzuen bidez.
Era berean, herritarrak gonbidatu dituzte azaroaren 25erako antolatutako mobilizazioekin bat egitera.