"Denon bizitzak erdigunean" jarri eta "guztion ardura den zaintza sistema publiko eta komunitario" baten aldeko greba feminista orokorra da azaroaren 30erako Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duena: "Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi garen emakumeon eskubideen alde, egungo sistema mantentzen dutenei ardura eta erantzukizuna exijitzeko".
Azken hilabeteetako prozesuan zehar Herri Akordioa landu dute mugimendu feministaren eta bestelako eragile sozial eta sindikalen zaintza eskubide kolektiboaren aldeko aldarrikapenekin, eta tartean daude jasota, besteak beste, zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea, zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea, nahiz pribatizazioaren amaitzea, etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea edota gizonak interpelatzea, ez zaintzearen pribilegioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura hartu dezaten.
Aretxabaletan zaintza lanetan dabiltzan bi dira Itxaso Elkorobarrutia (Eskoriatza, 1976) eta Elena Molina (Vallecas, 1962). Elkorobarrutia ikasketez urritasun psikikoa duten pertsonen hezitzailea da eta, Molina, berriz, psikiatriako osasun laguntzailea, eta biek daukate etxez etxeko zerbitzuko profesionaltasun ziurtagiria –zortzi hilabeteko ikastaro homologatua–. Hurrenez hurren, 23 eta 24 urte daramatzate Gizadi enpresan –Aretxabaletako Udalak zaintza zerbitzua emateko kontratatutako enpresa– lanean etxez etxeko zaintza zerbitzuan, eta adierazi dute une honetan enpresa horretan zaintza lanak egiten dituzten guztiak emakumezkoak direla. Halaber, biek aitortu dute bokazioz direla zaintzaileak, eta oso harro daudela lanbide hori izateaz.
Zaintza publikoaren alde
Bat egiten dute Herri Akordioan jasotako puntuekin, eta argi utzi dute euren aldarrikapenetako bat dela zaintza sistema publikoa izatea. "Mundu guztiak dauka zaindua izateko eskubidea, eta horretarako, zaintza sistema publikoa behar da. Ez daitezela enpresak aberastu gaixoen diruarekin", dio eskoriatzarrak.
Elena Molina: "Adinekoekin negoziorik egiterik ez dugu nahi"
Honakoa gehitu du Molinak: "Enpresa pribatuak zerbitzu publikoetan ez sartzea lortu behar dugu. Gu ez gaude enpresa pribatuen kontra. Zuk zure enpresa sortu nahi baduzu, sortu, baina ez diru publikoarekin. Diru publiko horrek adinekoendako eta zaintzaile publikoendako izan behar du. Ez dugu nahi adinekoekin negozioa egiterik. Enpresa pribatuak perretxikoak bezala ari dira ateratzen alde guztietan lana dagoelako; dena pribatizatzen ari da".
Zaintza sektoreko zaintzaile guztiak gogoan, euren kasuaz aritu dira soldatez eta lan-baldintzez hitz egiterako orduan. Etxez etxeko zaintzaileek dituzten soldatez ere mintzatu dira, eta "balantza batean" bizi direla salatu dute. Izan ere, lanaldi osoko soldata izateko lau etxetara joan behar izaten dute: "Baina erabiltzaile bat hiltzen bada edo zerbitzuarekin jarraitu nahi ez badu, udalak ordezkapen hori esleitu zain egon behar duzu; eta noski, zure ordutegiarekin bat etorri behar du. Guk ez daukagu ziurtatuta hilaren amaieran zenbat kobratuko dugun, sekula". Gainera, 24 orduko prestasuna izan behar duela esan du Molinak, eta, hortaz, kontziliazioa kolokan jartzen dela dio. Halaber, arlo ekonomikoan probintzia hitzarmena sortzeko eskaera egin du, herri bakoitzak ezin duelako bere hitzarmena izan.
Erretiroan ere jarri dute azpimarra. Azaldu dute zaintzaile asko erretiro adinera osasun arazo larriekin heltzen direla, eta horretaz inor ez dela jabetzen. "Gainera, asko ez dira jubilatzen aurrez ezgaitasuna deklaratzen dietelako. Gainera, zenbait kasutan ezin duzu aurrejubilatu".
A-30ean greba
Biak batu dira A-30eko grebara, eta Molina ados agertu da Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba deitzearekin, baina iruditzen zaio berandu datorrela: "Zaintzaileak betidanik egon dira. Emakume migratzaileak zaintza lanetan hasi direnean ikusi da esplotazio handia dagoela, baina 25 urte daramatzagu lanean eta borrokan. Hobe berandu inoiz ez baino. Greba gu kontuan hartzeko bada, ongi etorria izango da".
Itxaso Elkorobarrutia: "Jasaten ari garena ikusarazteko bide bakarra greba da".
Halaber, argi daukate zaintza sektorean dabiltzanen gehiengoa ez dela kalera aterako: "Gu, adibidez, enpresan 45 zaintzaile gara, denak emakumeak, eta hiruk egingo dugu greba. Ulertzen dut emakume atzerritarrek ere grebara atera nahi ez izatea. Askok oraintxe lortu dute lana, soldata baxuak dituzte, eta ulergarria da arriskurik hartu nahi ez izatea. Gainera, askok ezin izango dute grebarik egin zerbitzu minimoak bete behar dituztelako. Beldurra dago soldata eta kontratuak galdu ditzakezulako, nahiz eta baldintzak eta eskubideak izan".
Itxaso Elkorobarrutiari iruditzen zaio greba egin behar duela eta iruditzen zaio bide bakarra dela jasaten ari diren guztia ikusarazteko: "Ni oso harro nago egiten dudan lanaz, gustura nago; baina gustatuko litzaidake nire atzetik datozenek beste baldintza batzuk izatea, nireak baino askoz hobeak. Argi daukat nire lana bokazionala dela, baina ez daukat argi etorkizunean izango ote dudan zainduko nauen norbait". Uste du egoerak aldatu egin behar duela eta gizarteak arazoaz kontziente izan behar duela.
Pandemiako aitortzaz
Pandemian "premiazkoak" ziren gremioak gizarteak erabat ahaztu dituela diote eta ez dakiela zein den euren lana: "Gure lana psikologikoa, fisikoa eta laborala da. Desegituratutako familiak ditugu, zainketa paliatiboak, etxeak garbitu, erabiltzailea zaindu... Jendeak uste du gure lana adinekoak jantzi eta pasieran ateratzea dela. Horretaz aparte, gauza asko egiten ditugu".
Eskoriatzarrarentzat, pandemia garaian ez zen zaintzaileen lana baloratu: "Jendeak aho handiarekin esaten zuen txalotu egingo gintuztela. Politikariei, berriz, indarra ahotik joaten zaie". Gogorarazi du beraiek ere badutela familia, eta etxera "beldurrez" iristen zela: "Jendea hiltzen ari zen eta esaten nuen; horietako bat izan naiteke. Jendea ez da kontziente bizi genuen sufrimenduaz. Gizarteak hausnarketa egin behar du".