Arto-zuriketa lanetan, istorioak gogora ekarriz

Mirari Altube Arrese 2023ko aza. 22a, 09:10

Artoak zuritzeko elkartutako hainbat auzotako bizilagunak, Areantza-Etxebarri baserriko lasto-ganbaran. (Argazkia: Beñat Abasolo)

Larrino, Aozaratza, Goroeta eta Areantzako ia 50 auzotar elkartu ziren joan den azaroaren 10ean Areantza-Etxebarri baserriko lasto-ganbaran artoa zuritzeko sasoi batean legez, eta, bide batez, istorioak eta kontakizunak gogora ekartzeko.

Sasoi batean baserrietan egiten zen arto-zuriketa jarduna aitzakia hartu, eta istorioak, ipuinak eta garai batean bizi izandakoak izan zituzten berbetarako gai 48 bat lagunek joan den azaroaren 10ean. Areantza auzoko Areantza-Etxebarri baserriko Julen Abasolok egindako deiari erantzun zioten horiek, eta "ezin gusturago" jardun zuten lanean.

Istorioak eta ipuinak

"Neure harrikada bat izan da. Transmisioa galtzen doala eta istorioak arto-zuriketan kontatzen zirela komentatu izan dugu geure artean, eta ez denez lan konplikatua, horretarako batzea erabaki nuen", azaldu du Abasolok. Aozaratza, Larrino, Goroeta eta Areantzako auzotarren artean zabaldu zuen deia: "Etxe guztietan egiten zen lehen lan hori, baina nik neuk ez dut bizi izan. Horregatik, banan-banan egin nituen fitxaketak, arto-zuriketa lanetan jardundakoak gura nituelako; 80 urtetik gorakoak, esaterako, sei bat zeuden".

Arto-zuriketa eguneroko lana izaten zen, udazkenean: "Zemendian, azaroan, garia ereiten zen; horretarako, soroa libre utzi beharra zegoen, eta artoa jaso". Iluntze partean elkartzen ziren artaburuen bueltan: "Ez zen sukaldean egiten; eskapean, hau da, etxearen sarreran, edo ukuiluan, abereen atzeko partean, adibidez. Lehenengo arrosarioa otoitz egiten zuten, eta otoitz egin bitartean artaburuei hostoak kentzen zitzaizkien etxekoen artean, emakume zein gizon. Aitajaunaren eta iloben arteko lan bat izaten zen sarritan, gurasoek behi-lanak egin bitartean. Arrosarioa bukatutakoan, aitajaunak txisteak, kontakizunak eta istorioak kontatzen zituen, eta, horrela, transmisioa bermatzen zen".

UDAZKENEKO LANA IZATEN ZEN, ARROSARIOA OTOITZ EGIN ETA KONTUAK KONTATU BITARTEAN

Hori gogoan, Areantza-Etxebarri baserriko lasto-ganbaran elkartu zituen Abasolok auzotarrak. "Istorioak jasotzea zen asmoa batetik, eta kontu-kontari jardun zuten". Hala, han entzundako ipuintxo bat kontatu du: "Larrinoko Intsusia baserrikoren bati entzundako kontakizuna ei da. Garia oso tentea eta harroa zen, eta zera esaten ei zuen: Jainkoak mundu honetan ez du egin ni bezalako belarrik. Eta artoak, aldamenetik entzun, eta bota ei zuen: ni nagoen lekuan ere ez dago bada goserik".

Bestetik, elkartutako guztiek egin zezaten arto-zuriketan gura zuen Abasolok, ez bakarrik nagusienek: "Eta hori lortu zen".

Artoa osorik aprobetxatu

Arto-soroak "oso ohikoak" ziren sasoi batean; gaur egun, ostera, "apenas" dagoela dio Abasolok: "Guk urtero jartzen dugu apur bat, eta aurten, apropos, gehiago landatu nuen. Goroetako Aranen ere beste apur bat izan dute, eta gure ekimenerako nahikoa izan da. Baina hori ere desagertzen ari da".

Artoa, "txerria legez", osorik aprobetxatzen dela jakinarazi du: "Lastoa eta kirtena, behientzako. Baita azpiak egiteko ere, artegietan, adibidez; arto-kirten zakarrak lehenengo jarri, eta horien gainean irak. Alea, behin errotatik pasatuta, pertsonek jateko izaten zen; horrekin egiten zen: morokila, orotza, arto-opila eta arto-ogia. Ohikoena azken hori zen. Abereei ere ematen zitzaien, birrinduta; oiloei, esaterako. Arto-bizarrak ere batu egiten ziren; haren ura diuretikoa zen, eta tabakorik ez zegoenean, erre ere erretzen zuten batzuek. Artaburuaren moskola –orri fin horiek– ere erabiltzen zen tabakoarendako, paperik ez zegoenean; hori nik neuk ere ikusita daukat, aitajaunari. Koltxoiak egiteko ere erabiltzen zen moskol hori, artilearen aurretik. Alea kenduta geratzen den kaskara, ostera, arratoi zuloak estaltzeko erabiltzen zela aipatu zuten batzuek".

Ikus-entzunezkoan jaso

Pozik agertu da azaroaren 10ean bizi izandakoarekin: "Oso gustura bukatu genuen. Helburua hori jasotzea ere bazen, baina grabaketa ez da gura besteko txukun geratu, zalaparta handia sortu zelako une batzuetan. Hala ere, ikus-entzunezko bat gertatuko dugu, eta, horri laguntzeko, idatziren bat argitaratu ere bai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak