Huhezinema jaialdiak HAZI saria banatuko du lehenengoz

Hasier Larrea 2023ko aza. 20a, 19:36

Iazko sari banaketa ekitaldia.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren HAZI enpresa publikoak eta Huhezinemak bat egin dute HAZI sari berria sustatzeko. Jaialdiaren 17. aldi honen iruditeria ere kaleratu dute.

Aurtengo Huhezinema jaialdiak hainbat berrikuntza izango ditu, eta sarien atalean nabarmenena Hazi Saria izango da. Izan ere, HAZI enpresa publikoarekin lankidetza sustatu dute Huhezinemako antolatzaileek: "Helburua da zinearen bidez urtez urte HAZIrekin zerikusia duten egitekoak sustatzea eta ezagutaraztea –ekintzailetasuna, landa garapena, basogintza...–; hau da, daukagun gizarte-ereduaren oinarri den aldetik, landa eta itsasertz ingurune bizi batek duen garrantzia ezagutaraztea,  eta, era berean, lehen sektoreko eta landa eta itsasertz inguruneko pertsonek eredu horren barruan duten zeregina baloratzea", azaldu dute.

Sariaren irabazleak 600 euro jasoko ditu Eusko Label produktuen saski batekin batera, urtarrilaren 26an egingo den Huhezinema jaialdiaren sari banaketa ekitaldian. HAZIko ordezkari batek emango du saria Aretxabaletako Arkupe kultur etxean.

Irudi berria

Horrekin batera, Huhezinema jaialdiaren aurtengo edizioaren kartel berria ere aurkeztu dute. Kolore berdexka izango du nagusi eta Aretxabaletako elizak eta telefono kabinak berebiziko garrantzia hartu dute. Iruditeriaren ardura duen komunikazio lantaldeak azaldu duenez, ez da erraza izan iruditeriarekin asmatzea, izan ere, bi ikaskidek eginiko kartel proposamenen artean zalantzak egon dira aukeratzerako garaian. Azkenik, hainbat buelta eman ostean, Ariadna Tola ikaskideak egindako kartel proposamenaren baitan sortu da iruditeria.

Ariadna Tola kartel egilearen hitzetan, "Aretxabaletako lagun batek gomendatu zidan telefono kabinaren irudia kartelean txertatzeko, izan ere, herriko gazteekin polemika handia izan duen kabina da. Kontuan izanda Huhezinema gazteei zuzendutako ekitaldia dela, eta Aretxabaletan egiten den zinema jaialdia dela, lotura hori egiteko modurik egokiena iruditu zitzaidan".

Izena emateko epea amaitzear

Urriaren 16an zabaldu zen Huhezinemaren 17. edizioan parte hartzeko epea, eta azaroaren 27an itxiko da. Oinarriak, parte hartzeko baldintzak, filmak aurkezteko epeak zein bidalketa moduak Huhezinemako webgunean edota sare sozialetan ere jaso daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak