Euskal Herriko sortzaileen film laburrak eta bideoklipak plazaratzea da jaialdiaren helburua, eta bide batez, lanik onenak saritzea, euskal zinemagintzari bultzada emanez.
Jaialdiak esperientzia aberasgarria eskainiko duela ikusleentzat adierazi dute antolatzaileek: "Hiru egunez, ikusleak hunkitu, inspiratu eta entretenitzeko moduko film laburrez gain, beste hainbat ekimen antolatuko dira; zinemarekiko grina ospakizun kolektibo bihurtuz".
Sari berria: aktore onenari
Jaialdiak euskal zinemagileen arteko topagunea izan gura du, eta horretarako, "ahalegin berezia" egiten dute sariak indartzen. Aurten, esaterako, berrikuntza bat dago. "Jasotako
ideia zaparradaren ondoren, sari berri bat gehitzea erabaki dugu: Aktore
Onenaren Saria", azaldu du jaialdiaren koordinatzailea den Iban Del Campok.
Gaineratu dute, urteetan kolaboratzaile izan duten Hazi erakundearekin lankidetza sendotu dutela eta sari berri bat emango dutela: "Aurrerago zehaztuko ditugu sari honen baldintza eta ezaugarriak".
Guztira, 4.000 euro baino gehiago banatuko dituzte saritan.
Sail ofiziala:
- Huhezinema saria –Euskarazko film onenari–: 800 euro. Saria epaimahai ofizialak emango du.
- Laguntza publikorik gabeko film onenaren saria: 500 euro. Mondragon Unibertsitateko
ikasleek osatutako epaimahaiak emango du. Sari hau diru laguntza publikorik gabe
ekoiztutako eta banatutako film bati emango zaio. - Ikusleen saria: 100 eurotan baloratutako oparia.
- Finalista guztiek 150 euro jasoko dituzte.
Ikasleen saila
- Ikasle film onenaren saria: 300 euro.
- MU saria –Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako ikus-entzunezko lan
onenari–: 200 euro. - Ikusleen saria: 100 eurotan baloratutako oparia.
Bideoklip saila
- Bideoklip onenaren saria: 300 euro.
- Ikusleen saria: 100 eurotan baloratutako oparia.
Mundukide saria: 700 euro. Aurkeztutako film laburren artean Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onena sarituko da. Saria epaimahai ofizialak emango du Mundukideko ordezkari batekin batera.
Aktore onenaren saria: 150 euro.
Izen-ematea zabalik
Film laburrak zein bideoklipak aurkezteko inprimaki bat bete beharko da, azaroaren 28a baino lehen. Parte hartzen dutenen artean, Huhezinemako lantaldeak onenak aukeratuko ditu jaialdian zehar pantaila handian erakusteko.
Finalisten lanak zinema adituz osatutako epaimahai batek ebaluatuko ditu, eta ekitaldian zehar erakutsiko dira, sortzaileei beren lana zabaltzeko aukera eskainiz.