Urkulun, beste estazioetan baino euri gutxiago

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko aza. 17a, 07:10

Debagoienean bost estazio meteorologiko daude, eta guztietan erregistratzen dituzte prezipitazioak: Urkulu, Arrasate, Aixola, Oñati eta Elorregi. Bada, datuei erreparatuz gero, ondorioetako bat da euri gutxien Urkulun egiten duela.

2001-2022 aldiko datuak ematen ditu Euskalmetek, eta, horren arabera, 25.921,6 euri litro pilatu dira metro karratuko epe horretan, Urkulun. Baina hurrenez hurren du Oñatiko estazio meteorologikoa ere: hain justu, 26.703,9 litro jaso dira eremu berberean hogeitabat urteko epean. Urtez urte, ordea, tartekatuz joan da bateko eta besteko prezipitazio kopurua: alegia, 2001etik 2013ra bitartean Urkulukoan bildu zen euri gutxien; 2014tik 2022ra, aldiz, batean zein bestean.

 

Urkulu eta Oñati dira, beraz, Debagoienean euri gutxien egiten duen eremuak, bost estazio meteorologikoen arteko alderaketa eginez gero, bederen. Datu horiek aztertzen jarraituta, antzeman daitekeena da Elorregi dela erdibidean dagoen estazioa. 28.898,4 litro euri erregistratu dra hor 2001-2022 epean, baina gertu du Arrasate ere, 29.733,7 litrorekin. Bostetatik eremurik euritsuena, beraz, Aixola da. Guztira, 32.303,5 euri litro jaso dira hogeitabat urtean, eta, oro har, urtero egon da gainontzeko estazioetako zenbatekoen gainetik.

 

Grafikoetako datuetan ikusi daitekeen eran, 2013a izan zen urterik euritsuena; estazio guztietako datuak batuz gero, urte horretan pilatu zen euri gehien Debagoienean –9.672 l/m2– eta maximoak ere ordukoak dira denetan. Hala, datuetan adierazten denak bat egiten du Euskalmeten 2013ko urteko memoriarekin. Haren arabera, "urte oso hezea" izan zen, batik bat neguan pilatutako euriarengatik. "Oso ugaria izan zen, eta ibaietan arazoak ere sortu ziren. Arrasaten, esate baterako, otsailaren 12an, muga gainditzear ibili zen".

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako estazioak

Debagoieneko errealitatea, ordea, seguru aski, ez da estrapolagarria beste eremu batzuetara, inguru bakoitzak bere ezaugarri propioak baititu, baina horretarako hobe da datuei erreparatzea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste estazioekin alderaketa bat eginda.

 

Urkuluz gain, Ibai Eder (Azpeitia, Gipuzkoa), Ozaeta (Araba) eta Abusu (Arrigorriaga, Bizkaia) dira hautatutako hiru estazioak. Bada, horiek gogoan izanda, ondorioztatu daitekeena da Ozaetan –19.584,5 l/m2– erregistratu dela urtez urte euri kopururik baxuena 2001etik 2022ra bitartean. Eta, ondoren, Urkulun; hain justu, Arabako herri horretan baino 6.337,1 l/m2 gehiago.

Beste bi estazioak ere aintzat hartuz gero, lauetatik eremu euritsuena Ibai Eder dela ondorioztatu daiteke, besteen gainetik baitago, 2010ean salbu. Alabaina, Urkuluk, batik bat, Abusurekin du antzekotasuna. Gorabeheretan ez dago desberdintasun handirik, eta urte batzuetan ia euri kopuru bera ere jaso da; adibidez, 2013an. Euri kantitateari dagokionez, ordea, Urkulun baino gehiago egiten du: zehazki, 26.890,99 l/m2-ko, hemen baino 939,29 l/m2-ko gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak