Leire Urra: "Oso beharrezkoa da buru osasunaz hitz egitea"

Julen Murua Mesonero 2023ko aza. 13a, 11:56

Leire Urra, psikologa aretxabaletarra.

Ongizate emozionalaren gaia da gaur egun pil-pilean dagoen gaietako bat, eta, horren harira, Leire Urra (Aretxabaleta, 1984) psikologo aretxabaletarrak Sare sozialak, alkohola, janaria… Ba al dago antsietatea kudeatzeko beste modurik? hitzaldia eskaini zuen joan den martitzenean Aretxabaletan.

Zeintzuk dira nahaste nagusiak?

Depresioa, antsietatea eta jokabide nahasteak dira arazo gehien sortzen dituzten nahasteak.

Nahasteek zein bilakaera izan dute belaunaldiz belaunaldi?

Datuek diote buruko gaitzen kopurua gazteen artean asko handitu dela, eta hainbat ikerketak erakutsi dute pandemiak sortutako ez-ohiko egoerak eragina izan duela, beldurra, isolamendua eta harreman sozialak murriztea ekarri duelako. Gaur egungo gizarte eredu kapitalista heteropatriarkalean indibidualismoa, exijentziak, lehiakortasuna edo prekaritatea ere badira ondoez emozional askoren atzean dauden errealitate gordinak. Datuak adierazleak dira, baina ez dira egia absolutuak; adibidez, ikusi da egungo prebalentziaazterketetan buru gaixotasun asko neskekin erlazionatu izan direla, baina azken ikerketek erakutsi dute ez dela aldatzen neska eta mutilen artean, baizik eta desoreka laguntza eskatzerakoan gertatzen dela.

Egoera larria dela uste duzu?

Esku-hartzeko beharra badago, bai, eta lehentasunak izan behar dira heziketa emozionala, prebentzioa eta esku-hartzea gizartean orokorrean.

Behar bezain beste lantzen da gai hau egunerokotasunean?

Ez da nahikoa lantzen. Lanketa integrala eta zeharkakoa izan behar da, hau da, denontzat ongizate emozionala, eta ez modu puntualean, ikastaro solteekin. Gizarteko eremu guztietara iritsi behar da, eta gaur egun ez da horrela; ongizate emozionala sustatzeko zerbitzuak pribatuak eta garestiak dira, eta zoritxarrez jende askorentzat ez dago eskuragarri.

Norena da erantzukizuna?

Osasun publikoko arazo gisa, erakunde publikoek lehentasuna eta erantzun bat eman beharko liokete. Eta horrez gain, komunitatearen garrantzia aipatu nahiko nuke; prebentzioan norbanako gisa eta komunitate gisa daukagun ardura hartzea.

Gai tabua da?

Bai. Aldatzen ari da, batez ere, gazteengan. Haiek askoz errazago eskatzen dute laguntza psikologikoa pertsona helduagoek baino. Beharrezkoa da buru osasunaz hitz egitea, estigma apurtzea.

Zeintzuk dira hartu beharreko neurriak?

Prebentzioan eta baliabideetan jarriko nuke arreta. Prebentzioari dagokionez, buruko osasunaren sustapena eta buru nahasmenduen prebentzioaren garrantzia azpimarratuko nituzke. Ildo horretan, aipatu nahi dut heziketa emozionala sustatzeko Hariak proiektua daukagula abian Carol Palacio eta biok, ongizate emozionala sustatzeko tailerrak eskaintzeko. Bestalde, osasun mentala zaintzeko baliabideak indartu behar dira, hutsune larriak baitaude.

Nola ikusten duzu ongizate emozionalaren gaineko etorkizuna?

Gero eta kontzientzia gehiago dago gai honekiko. Oro har, ongizate emozionala osasunaren zutabe garrantzitsutzat jotzen da. Etorkizuna ildo horretatik irudikatzen dut, aurrerapausoak ematen eta, hamarkada batzuetara, osasun emozional zein mentala zaintzea integratuago izango dugula uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak