Euskaraz jarduteko taldeak, lanean hasita

Mirari Altube Arrese 2023ko urr. 23a, 10:20

Jon Egidazu koordinatzailea, Loramendi elkartearen egoitzan.

Euskara bultzatzea eta herriko aniztasuna erdigunean jartzea helburu duten egitasmoak abian ditu Loramendi elkarteak beste urte batez, eta edonorentzat daude zabalik Barriketan, Auzoko, Familia Laguna, Ulerlaguna eta Hikalaguna proiektuak.

Barriketan eta Auzoko egitasmoen ikasturtea hasi du Loramendi elkarteak, Euskaltzaleen Topagunearekin eta Udalarekin elkarlanean. Eta horren gidaritza Jon Egidazuk (Leintz Gatzaga, 1998) izango du aurten. Irailean hartu zuen ardura, eta lanari buru-belarri ekiteko gogotsu agertu da: "Ikasten eta martxa hartzen nabil oraindik, baina oso gustura, ekimen benetan interesgarria da eta".

Bost proposamen aukeran

Euskara sustatzea eta Aretxabaletako aniztasuna erdigunean jartzea dute helburu Barriketan eta Auzokoren bueltan abian jarritako proiektuek. "Horregatik hain zuzen ere dira aretxabaletar guztiendako erakargarriak", dio, eta bost proposamen aurkeztu ditu, norberak aukera dezan egokiena.

Batetik dago Familia Laguna, Aretxabaletara iritsi berri diren familiei –9 urte bitarteko umeekin– laguntzeko ikasketen bueltako zereginetan zein aisialdi kontuetan. Auzoko taldeak euskaraz bizi direnak (auzotarrak) eta euskarara hurbildu gura dutenak (auzokideak) batzen ditu, euskara erdigunean jarrita, herriko hizkuntza aniztasuna aitortu eta herritarren arteko harremanak sustatzeko. Astean ordubetez elkartuko dira, eta atzo izan zuten lehen hitzordua. Barriketanek euskaraz bizi direnak (bidelagunak) eta aritu nahi dutenak (bidelariak) elkartzen ditu kafe baten bueltan, eta urriarekin batera ekin zioten lanari. Ulerlaguna taldean, ostera, batzen dira euskaraz ulertu arren hitz egitera ausartzen ez direnak. Eta, azkenik, hitanoa ikasi eta hika jardun gura dutenen taldea dago.

Izena emateko bideak

Talde horietako edozeinetan parte hartzeko interesa izanez gero edo argibide gehiago eskatzeko, Loramendi elkartera jo behar da; hona hemen horretarako bideak: 943 77 09 70 eta 685 75 67 29 –Whatsappa–; eta auzoko@loramendielkartea.eus. Durana kalean duen egoitzara ere bertaratu daiteke. "Loramendiren ateak zabalik daude edonorendako eta animatzen zaituztegu parte hartzera", gonbidatu ditu aretxabaletarrak egitasmoen koordinatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak