Kurtzebarriko izenak eta istorioak gogora ekartzeko mendi buelta

Mirari Altube Arrese 2023ko urr. 11a, 12:51

Hainbat lagun Loramendiren ibilaldi historikoetako batean.

Ixotu! taldeak antolatuta, Kurtzebarriko haitzak izeneko ibilaldi historikoa egingo dute bihar, urriak 12; Herriko Plazatik abiatu (08:15) eta Areantza auzotik gora, Zaraia mendilerroan barrena ibiliko dira toponimia eta han gertatutako pasarteak ezagutuz.

Ixotu! euskara taldeak ibilaldia antolatu du eguenerako, urriaren 12rako. Ikusteko, ikasteko eta gozatzeko mendi buelta izango da, eta lagun eta gidari izango dituzte Loramendi elkarteko Toponimia taldeko Julen Abasolo eta Gorka Madinabeitia. Zaraia mendilerroan barneratuko dira, eta Kurtzebarri mendiari buelta emanez hango parajeak, izenak eta istorioak ekarriko dituzte gogora. 08:15ean elkartuko dira Herriko Plazan, eta ez dago aldez aurretik izenik eman beharrik.

Bost ordu inguru

"Galtzear zeuden hainbat toponimia-izen berreskuratzeko lan bat egin du Loramendik. Horiekin batera antolatu dugu ibilaldia, hainbat herritar elkartu –gazte zein heldu–, mendi buelta bat eman eta goiz pasa eder bat egiteko asmoarekin", azaldu du Ixotu! taldeko Peio Uribetxebarriak. Gaineratu du ez dagoela arrazoi berezirik Kurtzebarriko haitzetara jotzeko: "Bista dotoreak daudelako bertatik, ez dago besterik".

2022ko otsailean antolatu zuen azken ibilaldi historikoa Loramendik; orduan, Kortaburu eta Urrexolagarai inguruetara jo zuten. Denbora pasatu da ordutik, eta uste dute jendeak gustura hartuko duela proposamen berri hau: "Gazte mugimenduko kideak espero ditugu, baita Loramendiren bueltako jende helduagoa ere; erabat irekia da. Bost orduren bueltakoa izango da, leku askotan geratuko garelako, baina ez du aparteko zailtasunik ibilbideak". Bukatu aurretik, hamarretakoa eskainiko diete ibiltariei, txabola batean.

Izen eta istorio asko

Plazatik Areantza auzora egingo dute Kurtzebarri aldera jotzeko. Tontorreraino igo barik, inguratu egingo dute hori: Ziontza, Kargaleku, Elorretako haitza, eta harkaitz artetik jaitsiko dira. "Elur-zuloa ikusiko dugu, Kabarrixa, askak, Kargalekuko txabolak eta Aretxabaleta eta Eskoriatza arteko bi mugarri ere bai", adierazi du gidari lanak egingo dituen Julen Abasolok, eta gaineratu du: "Harkaitzek izen asko dituzte, eta horien berri emango dugu: Obispoatxa, Narruko atxak, Bekokiaundi, Atxpotolo…"

Paraje askok istorioak ere badituzte, eta horiek gogora ekarriko ditu Abasolok: "Elur-zuloaren bueltan badaude kontuak. Kurtzebarritik labanderan jaisten ginela ere kontatuko dugu; artzainek beti egin izan dutena, orain auzoko jaietan egiten dugu guk. Tontorreko txabolaren alboan beste bat dago erabat erorita, eta horrek ere badu bere istorioa". Eta pertsonaia batzuk aipatuko dituzte: "Malbe dago horien artean. Inguruan ardi gehien izan zituen Bedoñako artzaina izan zen; zelaiek-eta ez zutela jaberik aldarrikatzen zuen eta epaiketa asko izan zituen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak