Alberto Iñurrategi 14 zortzimilako barik?

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urr. 6a, 11:00

Alberto Iñurrategi Annapurnako gailurrean, 2002an. (Argazkia: A.I.).

8000ers webguneak egindako ikerketa baten arabera, 14 zortzimilako egin dituztenen zerrendan dauden mendizale gehienek ez dute Manaslu, Annapurna eta Dhaulagiri mendien puntarik altuena zapaldu; tartean egongo litzateke Iñurrategi.

Erberhard Jurgalski eta Rodolphe Popier 8000ers webguneko dokumentalistek urteak pasatu dituzte zortzimilakoak egin dituztenen tontorreko argazkiak egungo tresna teknologikoekin hartutako neurketekin alderatzen. Ikerketako ondorioetako bat izan da hainbat mendizale ez zirela Manaslu, Dhaulagiri eta Annapurna zortzimilakoen "benetako" tontorrera igo. Iazko uztailean argitaratu zituzten emaitzak, eta ikerketaren arabera, zenbait mendizale 14 zortzimilako egin dituzten zerrendatik kanpo geratuko lirateke. Tartean da, besteak beste, Alberto Iñurrategi (Aretxabaleta, 1968), Edurne Pasaban eta Juanito Oiarzabalekin batera.

Erreferentzia teknologiko barik

Iñurrategik bazuen ikerketa egiten ari zirenaren berri; izan ere, berak ere bidali zituen argazkiak. Ikerketaz duen iritziaz galdetuta, hauxe dio: "Modu zuzenean egiten direnean oso ondo daude, eta ez daukat inongo zalantzarik esaten duten hori hala izango dela. Kontua da hortik norberak ateratzen dituen ondorioak eta mendizale komunitateak egiten duen irakurketa".

Azpimarratu du zortzimilakoak egin zituen garaian ez zegoela egungo teknologiarik. "Ez genuen sateliteko neurketarik, ez GPSrik. Gure erreferentziak liburuetako testuak eta argazkiak ziren; kasurik onenean, gure aurretik egondakoen testigantzak. Horiek jarraituta iritsi ginen heldu ginen lekura, eta handik ikusten zenarekin ere ezin genuen pentsatu gorago gailurrik zegoenik", dio.

Jacson Groves australiarrak 2021ean drone bidez ateratako argazkian ikus daitezke Manasluko orain arteko gailurra eta "benetakoa". Argazkiak "justizia askorik" ez duela egiten irizten dio aretxabaletarrak ez dagoelako irudian islatzen den altuera diferentziarik: "Nik uste errealitatera egokitzen ez den beste angelu batetik ateratako argazkia dela. Bertan zaudenean, gailurra ez da ikusten. Bestela, ez litzateke ulergarria izango mila mendizale hara, gu igo ginen gailurrera, iritsi, oraindik beste tontor bat dagoela ikusi eta ez igotzea. Gainera, kontuan izan %90ak sherpak erabili eta dirua ordaintzen duela".

Egindakoa eginda

Guinness errekor liburuaren arabera, Reinhold Messner eta Edurne Pasaban ez dira 14 zortzimilakoak egin dituzten lehen gizon eta emakumea. Historia aldatu daiteke? "Ez dakit nork eduki dezakeen aldatzeko interesa, baina aldatu ahal du. Nik uste dut ikerketak ez duela aldatzen izen handiko mendizaleen pisua, egin dituzten erronkak eta gainditu dituzten mugak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak