Modalitate ugari bizi-bizi uztartu dituzte herri-kirolariek, txapelketek sortzen duten tentsiorik gabe, gozatu eta gozarazteko helburu bakarrarekin. Probak itzaletan egin ahal izatea onuragarria izan da, zalantza barik.
Iparraldeko jokoetan Karlos Ruiz de Aretxabaleta ibili da, lehenengo lastoa jasotzen, gero ingudea altxatzen eta azkenik 13 kiloko lasto-zakua 5 metro baino gehiagoko altuerara jaurtitzen. Esatariak gero eta gehiago zirikatu, orduan eta gorago egin ditu jaurtiketak, ikuskizunaren mesedetan.
Era berean, Hodei Ezpeleta eta Ernesto Ezpeleta Bihurri aita-semeek, Alex Txikonek eta Goizeder Beltzak hainbat kana-erdiko moztu dituzte aizkorak gogor astinduta. Atseden hartzeko erreleboa ematen zieten Aroa Sanchez eta Gari Garmendia harri-jasotzaileek, 100 kilotik beherako eta gorako harri baldarrak nahiz laukizuzenak altxatuz. Banaka hasi dira, eta taldeka bukatu. Elkarren arteko lehia txiki bat inprobisatu dute, hiru hiruren aurka nork bukatu lanak lehenago.
Bihurri-k aizkorarekin bakarrik ez, motozerrarekin ere moztu du enbor bat, eta aulki itxura eman dio gainera, artisaua ere badela erakutsiz.
Bitxikeria modura, Beltzaren seme-alaba txikiek ere parte hartu dute erakustaldian, Enarak eta Aratzek. Argi ikusi da herri-kirolak belaunaldiz belaunaldi transmititzen direla, eta badagoela etorkizuna.
Probaren amaieran partaideek azaldu dute halako erakustaldiak gustura egiten dituztela, jendeak ondo pasatzen duelako eta eurei hurrengo txapelketetara begira fresko mantentzen laguntzen dietelako.