Sanmigelak bertan dira. Gaur, egubakoitza, hasita makina bat ekitaldi, ikuskizun eta kontu izango dira domeka iluntzera bitartean, Udalak eta herriko hainbat eragilek antolatuta.
Nerabeei bideratutako ekintzekin emango diete hasiera jaiei. Bixi programaren baitan tratu onen aldeko ekintzak antolatu dituzte, besteak beste, txapak, telazko poltsak eta photocall-a egongo dira Kurtzebarri eskolako kantxan eta Mikeltxi DJa Errekabarren atzeko plaza txikian; zapatuan, ostera, skate festa, musikak girotuta eta aditu batek gidatuta.
Pilota partiduak
Pilota partiduak ere izango dira gaur iluntzean, Iturrigorri pilotalekuan, UDAk antolatuta. Lehenengoan, Naia Zelaia eta Onintze Galdos bikoteak Larraitz Beltran eta Uxue Lopez izango ditu aurrez aurre, eta bigarrenean, Nagore Galeano eta Olatz Insaustik, Jaione Fernandez eta Irati Betegi; azken hori etxekoa da.
Kantuak eta dantzak
Kantu-afariak jendetza batuko du, beste behin. 500 lekuak izen-emate epea zabaldu orduko bete ziren astelehenean, eta gaur goizean beste 100 jarri dituzte salgai Herriko Plazan egingo delako; horiek ere segituan bete dira. Sei Pistols & Trabuko Bat taldeak jarriko du musika, herritarrek kantuan egin dezaten. Biharko Elkartasun Bazkaria ez da gutxiago izango, eta hor ere 500 lagun elkartuko dira; pilotalekuan egingo da hori. Jendetza batuko da dantzetan ere. Beinke-Loramendi dantza entseguetan herritar mordoa batu da astean, eta biharko gertu daude horiek guztiak.
Bola-txapelketa eta dokea
Bola-txapelketak ez du hutsik egingo. Arratsaldean haurrek beteko dute bolatokia; infantilek eta gazteek jardungo dute txirloak botatzen, eta talde bakoitzeko bost onenek saria jasoko dute. Gauean, ostera, helduen txanda izango da; 10 euro ordaindu beharko dute horiek izena ematerakoan, eta bolatokia zabalduko dute txapelketa baino ordubete lehenago.
Doke txapelketa ere jokatuko da, domekan, Basotxo erretiratuen elkarteak antolatuta; Gurea tabernaren atzeko partean izango da aurten. Sei taldek jardungo du nor baino nor gehiago; hona hemen horiek: Aratz, UDA, Totoro, Loramendi, Udala eta Basotxo.
Txarangak eta Mirua taldea
Musika eskaintzari dagokionez, etxeko taldeak, Kaparrak-ek, emango dio hasiera egitarauari, gaur. Bederatzi bat lagunek osatutako taldearen jendaurreko lehen kontzertua izango da, eta ikusmina eragin du horrek. Bihar, ostera, txaranga bi izango dira kaleak girotzen: arratsalde partean, Eskoriatzako Ad Libitum; eta iluntzean, Ordiziako Burrunbazale. 70eko hamarkadan sortutako Lisker talde eibartarrak, ostera, erromeria giroa ipiniko du gauean.
Domeka iluntzean pop eta elektronika doinuekin beteko da plaza. Maitane Iruiñek eta Malentxo eta Mattin Zeberio anai-arrebek osatzen duten Mirua talde tolosarrak kanta goxoak eskainiko ditu estilo bereziarekin.
Gune Morea
Indarkeria matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu ditu Berdintasun zinegotzi Ainhoa Sanchezek: "Gune Morea egongo da zapatuan, Herriko Plaza barrenean, 19:00etatik 22:00etara". Horrez gain, halako kasuak salatzeko telefono-zenbaki bat ere izango da eskura, bi egunetan, 20:00etatik 08:00etara bitartean; hona hemen hori: 678 06 17 00.
Bestetik, Andramaixetan legez, behar bereziak dituzten umeei keinu egin gura izan diete. Hala, ez da musikarik jarriko barraketan, 17:00etatik 19:00etara bitartean.