Sasoiko produktu ekologikoak eta artisauen lanak herritarren eskura zapatuan

Mirari Altube Arrese 2023ko ira. 28a, 12:58

Durana eta Mitarte kaleak postuekin beteko dira zapatuan, irailaren 30ean, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Nekazaritza Ekologikoaren 28. feria Biolurren eskutik dator beste behin, eta hamabost postu izango dira. Artisauei dagokienez, 35 izango dira eskuz egindako produktuak salgai izango dituztenak. Ganadua ere ikusgai egongo da Arlutz osteko kantxan.

Biolur elkarteak, Aretxabaletako Udalaren eta Euskadiko Nekazaritza eta elikadura ekologikoaren kontseiluarekin lankidetzan, elikagai ekologikoen azoka antolatu du beste urte batez. Hamabost ekoizle izango dira Durana kaleko azokan, gehienak,
Gipuzkoakoak, baina Bizkaitik, Nafarroatik, Iparraldetik eta Errioxatik ere etorriko dira. Barazkiak eta frutak, ardi eta behi-gazta, eztia eta ogia izango dira, baita Falcesko berakatzak, Zamudioko arrain kontserbak eta Itsasuko piperrak ere, besteak beste.

Gainera, nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio-panelak eta Biolur elkartearen informazio puntua ere izango dira bertan bisitarientzako. Hain zuzen ere Biolurren iritziz herritar asko biltzen den topagunea da Aretxabaletakoa: "Zuzenean ekoizleen eskutik elikagaiak eskuratzeko aukera herritarrei eskaintzea beti da garrantzitsua, baina baita ere ekoizleak kaleetan egoteak sektoreak egiten duen lana erakusteko balio duelako. Beraz, aurten ere herritarrak animatzen ditugu gerturatu, dastatu eta zuzenean ekoizleei erostera". Eta gaineratu dute: "Bizitzen ari garen garai nahasi hauetan, eredu ekologikoan urrats sendoak ematea ezinbestekoa da, ekoizpenetik kontsumorainoko bidean, sektorearen iraunkortasuna eta ingurumena eta pertsonen osasuna erdigunean jarri nahi baditugu behintzat".

Artisauak ere bai

Artisauek ere ez dute hutsik egingo eta 35 inguru elkartuko dira eskaintzeko, besteak beste, bitxiak, kandela eta xaboi naturalak, lore lehorrak, bitxiak, larruarekin egindako oinetakoak eta buztinezko ontziak; hain zuzen ere, buztina lantzeko tailerra egongo da Herriko Plazan.

Ikastetxeek, Kurtzebarri eskolak eta Arizmendi ikastolak, ere jarriko dituzte postuak.

Ganadua, Arlutzeko kantxan

Ganaduak bere tokia izango du Arlutz osteko kantxan. Bost ganaduzalek ekarriko dituzte bertako arrazako animaliak, besteak beste, behi piriniotarrak eta terreña behiak, pottokak, euskal mendi behorrak, ahuntz azpigorriak, sasi-ardiak eta ardi latxak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak