Astoaren aitzakian lagunarteko bazkaria

Mirari Altube Arrese 2023ko ira. 22a, 09:42

Hainbat herritar bazkaltzen Mitarte kalean, iaz.

Bost astakumeren okela gertu dute bihar, zapatua, egingo den bazkarirako; laugarrenez antolatu dute eta 200 lagun elkartuko dira Herriko Plazan jarritako mahaien bueltan. Jai giroa izango da nagusi, egun guztian, herriko kaleetan.

Igor Oruesagasti Elosu (Elosu, Azkoitia) da asto-janaren arima eta sustatzaileak, haren lagunak. 2018an egin zuten lehen bazkaria astoaren okela dastatzeko gogoz, eta ordutik haziz joan da kontua, ahoz aho zabalduta –2020an ez zuten egin pandemiagatik–: "Bigarrenean 55 bat lagun elkartu ginen Muru Alden; hirugarrenean, 80 inguru, Uratz Alden, eta iaz, Mitarte kalea ia bete egin genuen 140 bat lagunek". Laugarrenerako, 200 herritarrek erosi du txartela eta Herriko Plazan elkartuko dira lehenengoz, kopurua eta aterperako aukera kontuan hartuta: "Ez dakigu zein giro tokatuko zaigun, eta badaezpada, ondo datorkigu aterpea".

Hogei lagun lanean

Bost astakume prestatuko dituzte. Okela atzo eroan zuten Uratz Alde elkartera, Zubillagako hiltegian zatitu eta gero. "Handik banatuko diegu elkarte bakoitzeko sukaldariei, gisatua presta dezaten. Eta gainerakoa, hozkailuan gordeko dugu, parrillan jartzeko", dio Oruesagastik. Hogei bat lagunek jardungo du lanean, eta bihar, beste hainbat gerturatuko direla laguntzera adierazi du: "Ez gara izaten kuadrilla berekoak, ezta elkarte batekoak ere; jende ezberdina elkartzen gaitu astoak".

Hiru eratara prestatuta

Astakumearen okela oso xamurra dela eman du aditzera: "Zaporeari dagokionez behorraren eta txahalaren artekoa da; ez da behorrarena bezain gozoa. Hori bai, probatzen duenak errepikatu gura izaten du".

Hiru eratara prestatuko dute okela: batetik, gisatua egingo dute herriko hainbat elkartek; bestetik, parrillan erreko dituzte saiheskiak, xerrak eta txuletak; eta aurtengo berrikuntza da okela pikatuarekin prestatutako hanburgesak. "Gisatua da herritarrek gusturen jaten dutena; oso estimatua izaten da", dio eta gaineratu du: "Azpizuna gorde egiten dugu, antolakuntza lanetan jardun dugunok aurrerago jateko. Eta hori bai dela zoragarria!".

Gisatua herriko eta inguruko zortzi elkartek prestatuko dute; hona hemen horiek: Muru Alde, Uratz Alde, Urbaltz, Batzokia, Eguzki-Alde, Hibai Gain, Mendiola eta Untzilla. Iaz legez, bazkaltzen hasi aurretik, gisaturik onena hautatuko du epaimahai batek, eta saria jasoko du hori prestatutako sukaldariak.

Jai giroa egun guztian

Trikitilariek girotuko dute goiz partea eta bazkalostea, eta iluntzean, Izenbarekuak txaranga arabarraren doinu dantzagarriek beteko dituzte kaleak.

Eguna borobiltzeko bola-txapelketa jokatuko dute bolatokian Aretxabaleta kirol elkartekoek gidatuta, eta txirlo gehien botatako bostek saria eskuratuko dute. Bolatokia txapelketa baino ordubete lehenago irekiko dute eta izena ematerakoan 10 euro ordaindu beharko dira.

  • • 13:00 Txikiteoa, Insausti eta Larrañaga trikitilariekin.
  • • 14:30 Elkarteen arteko gisatu lehiaketaren sari banaketa ekitaldia.
  • • 15:00 Bazkaria, Herriko Plazan. Bazkalostea girotzeko, trikitilariak.
  • • 19:00 Kalejira Izenbarekuak txarangarekin.
  • • 22:30 Bola-txapelketa, bolatokian.

Asto-janak hurrengo asteburuan ospatuko diren San Migel jaiei emango die ongietorria.

Elosun hazitakoak

Elosu auzoko (Bergara) Bega baserrian hazitakoak dira bost astakumeak. Zelaian izan dituzte oraintsu arte, eta azken hilabetean, barruan egon dira pentsua eta lastoa janez: "Haragiak zapore hobea izan dezan da hori", azaldu du Oruesagastik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak