Alejandro Ulezia 'Abetxuko': "Tomatea ortuko izarra izan da beti niretzat"

Mirari Altube Arrese 2023ko ira. 15a, 17:31

Alejandro Ulezia 'Abetxuko' tomate saritua eskuartean duela.

Aretxabaletan lehenengoz egin den Euskal Herriko bertako tomatearen lehiaketan bigarren saria eta aipamen berezia eskuratu ditu Aretxabaletako tomatearekin.

Debagoieneko Mankomunitateak, Deba Garaiak eta Udalak antolatutako lehiaketara hamazortzi ekoizle aurkeztu ziren joan den domekan eta 33 tomate barietate jaso zituzten. Lehenengo saria Juan Pedro Santos iruindarrak eskuratu zuen Sunbillako arrosarekin, eta bigarrena eta aipamen berezia –Aretxabaleta jatorriko onenarena–, Alejandro Ulezia Abetxuko aretxabaletarrak (Arnedo, 1960). Goroeta auzoko ortuan ekoiztutako tomateak lehenengoz aurkeztu zituen lehiaketa batera, kuadrillakoek animatuta.

Halakorik espero zenuen?

Tomate ederrak ditudala aitortu behar dut. Baina lehiaketa egunean tomate benetan dotoreak ikusi nituen eta zalantza sortu zitzaidan. Pentsa, txikiteoan nenbilen deitu zidatenean esanaz saria jasotzera joateko asmorik ez ote nuen.

Barietate bakarra aurkeztu zenuen?

Aurkeztu bai, baina beste barietate bat ere lantzen dut: jack. Azken hau ere ona da baina Aretxabaletakoa askoz hobea.

Zein ezaugarri ditu bada Aretxabaletakoak halako fama izateko?

Zaporea sekulakoa! Eta horrez gain ur gutxi, okela asko, azal fina eta haziak ere gutxi. Nahikoa lan izaten dut hazi kopuru esanguratsu bat pilatzeko.

Epaimahaiko kideek azalpenen bat eskatu zizuten?

Saria jaso ondoren euretako bat etorri zitzaidan galdetzera zelan ekoiztu nuen tomatea. Azaldu nion lehenengo asunak jarri nituela –nitrogenoa emateko–, gero satsa, hau da, ongarria – indartzeko–, gero lur apur bat –ongarriak ez zezan erre– eta azkenik, tomatea. Beste ezer ez dut egiten.

Ortua Goroeta auzoan daukazu.

Bai, baina ez da nirea, Angel Iturbe auzotarrarena, baizik. Orain dela hamalau urte utzi zigun lursailtxo bat landatzen lagun batzuei eta niri, eta ordutik hantxe gabiltza. Saria haiekin partekatuko dut, noski.

Eta hasieratik landatu zenuen tomatea?

Bai, bai. Haziak nondik ekarri nituen ez naiz ondo gogoratzen: Errioxatik edo Abetxukotik behar bada. Baina hasieran landatutako tomate barietate haren haziak gordetzen ditut urtetik urtera, hortaz, tomatea berdina da. Datorren urtean landatzeko ere dagoeneko gorde dut.

Zelan jasotzen dituzu haziak?

Lehenengo loraldiko landare bat gorde egiten dut; zintatxo bat jartzen diot tomate horri eta ia usteldu arte izaten dut. Ondoren, haziak jaso eta lehortzen uzten ditut, astebete inguru. Gorde gero, eta bukatzeko, substratuarekin jarrita landareak noiz haziko itxaroten dut.

Beste tomate mota bat ere landatzen duzula esan duzu?

Bai, jack; jende askok landatzen du gure inguruan. Antza, hemengo klimara hobeto moldatzen da. Aretxabaletakoak, ostera, lan handiagoa eskatzen du, gainean egon beharra. Hori bai, ortuan ondo bereizita izaten ditut bi motatako landareak, ez daitezen nahastu polinizazio bidez adibidez, bestela akabo.

Aurtengo uzta zelakoa izan da?

Niretzako ona. Ortuan lankide dudanak Aretxabaletako barietatearen landare guztiak kendu egin zituen gorrinaren erruz. Nik, ostera, aurrera egitea erabaki nuen, hamazazpi landare sartuta, eta uzta ona izan dut; hori ortu berbera izanda. Muturreko egoerak eman direla esango nuke; izan ere, jende askori entzun diet oso tomate gutxi izan dutela aurten, eta era berean, beste hainbati, uzta oparoa.

Ordu asko pasatzen dituzu ortuan?

Egunean ordu pare bat esango nuke, baina sasoi batzuetan gehiago. Tomatea ortuko izarra da niretzako eta eskatzen du gainean egotea, mimoz zaintzea. Dena den beste barazki batzuk ere baditut, noski: lekak, pepinoak, kalabazinak…

Zuk zeuk gustuko duzu tomatea?

Izugarri. Jateko ez dut aparteko ezer egiten: xerretan moztu eta gatzarekin eta olio ona apur batekin osatu; ahuakatearekin ere oso gustuko dut. Hori bai, entsaladarako Aretxabaletakoa; jack, ostera, kozinatzeko erabiltzen dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak