Aretxabaletako andramaixak dagoeneko ate joka daude. Hilaren 13an hasita eta 17rarte, herria festa giroan murgilduta egongo da. Horretarako Atxabaltako Gazte Mugimenduak bere egitarau propioa aurkeztu du. Tankera guztietako ekintza, kontzertu eta ekitaldiak egongo dira adin eta gustu ororentzako bideratuta. Pikarraituz, Ixotu eta Atxabaltako Trasnmaribollo taldeekin elkarlanean antolatu dute egitaraua.
Aurtengoan ere bost eguneko egitarauaren baitan, mozorro eguna, gazte eguna, elkartasun eguna eta kuadrillen eguna ospatuko dute. Antolakuntzako kideak jendea hurbiltzea espero dute eta gogotsu daude jaiei hasiera emateko.
Orotariko musika
Izen handiko kontzertuez gozatzeko aukera egongo da, baina batik bat, txosna herriko taldeen erakusleiho izaten saiatu dira antolakuntzako kideak. Hauen artean, Txerrikumeak, Jasan, Orei, Upeide edo punk-oi doinu bortitzekin Youth United. Bestalde Bizkardunak tributu taldeak, Bizardunaken abestiak interpretratuko ditu txosnagunea dantzan jartzeko. Aurten protagonismo berezia hartu duten DJak lekua girotzeaz arduratuko dira.
Musika alternatiboari ere bere espazioa eskaintzeko asmoarekin, egitarau "berritzaile", "feminista" eta "parte-hartzaile" bat antolatzen saiatu direla aitortu du jai batzordeak.
Kuadrillen arteko jolasak ere ez dute hutsik egingo eta hilaren 17an ospatuko dira.
Azkenik, diru etekinen zati bat Portasolgo Jai Baztordera bideratuko da, auzoko jaietan jasan zuten lapurretari aurre egiteko.
Protokolo feminista
Jaiak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen, protokolo feminista martxan jarri dute berriz ere. Arreta gunea eta telefono zenbakia eskuragarri egongo dira. Gainera, autodefentsa feministaren zilegitasuna nabarmendu dute.