Aurten ere Maulen abiatu da EuskarAbentura espedizioa, eta 125 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez. Debagoienetik bi ordezkari izango dira espedizioan: Haizea Duandikoetxea eta Etxahun Iturriotz aretxabaletarrak. 2006an eta 2007an jaiotako gazteei bideratutako udalekuen helburua da euskararen erabilera bultzatzea eta parekidetasunaz, osasunaz, kulturaz, ekologiaz eta halako gaiez gehiago ikastea eta hausnartzea. Azken helburu horietarako, ikastaroak, tailerrak, jolasak eta hitzaldiak jasotzen dituzte, kontzientziak astintzeko.
Guztira, 32 herri gurutzatuko dituzte. Besteak beste, Donibane Garazi, Iruñea, Gares, Gasteiz, Baiona, Donostia, Lekeitio eta Bilbo. Espedizioari amaiera Getxon emango diote, hilaren 31n. Txoko enblematiko bisitatzeko andana aukera izan dute, esaterako Amaiurko Gaztelua.
Egunerokotasuna errutina garbi batek markatzen du: goizean goiz esnatu, motxilak prestatu, gosaldu eta 08:00etan lehen taldeak abiarazten du etapa. Bidean edo herrian bertan bazkaltzen dute eta arratsaldean orotariko ekintzak izaten dituzte. Etapak egiterakoan, hainbat erritmotara doazen taldeak eratzen dituzte, bakoitzaren gaitasun fisikoen arabera.
Esperientzia aberasgarria
Biak ala biek, esperientzia "aberasgarri" gisa definitu dute. Duandikoetxeak imajinatzen ez zuen errealitate batekin egin du topo: "Sorpresa galanta izan da horren jende jatorra aurkitzea. Hasiera batean, hitzaldiak oso pisutsuak izango zirela uste nuen, baina oso interesgarriak direla ohartu naiz". Gainera, egunak "leher eginda" bukatzen dituela gaineratu du.
Etxahun Iturriotz azken egunak topera bizitzeko gogoz dago: "Abenturaren azken txanpan sartu gara eta esperientzia zoro honi ahalik eta zuku gehien atera nahi diot". Hala ere, momentu gogorrak ere badituela aitortu du, batik bat, tenperatura altuengatik eta hanketan daramatzan kilometro pilagatik.
Hautaketa prozesu berritzailea
Udaleku nomada horien beste berezitasunetako bat izena emateko metodoa da. Kasu horretan, ekimenean parte hartzeko, gazteek proiektu propio bat garatu behar izan dute, eta baita aurkezpen-bideo bat bidali ere. Proiektuaren formatua ikus-entzunezkoa, digitala, musikala, literarioa, historikoa, sormen digitalezkoa edo plastikoa izan zitekeen. Bestalde, aurten landu dituzten gaiak Happykrazia, Natura gizartean eta Turistak vs bidaiariak izan dira. Biek ala biek adierazi dute prozesu berritzaile hau oso eraikitzaile eta interesgarria izan dela.