Portasoleko Jai Batzordeak astelehenean jasan zuen lapurretari aurre egiteko, Gofundme webgunean diru bilketa bat jarri du abian. Helburua, gutxienez, 10.000 euro berreskuratzea da, ahalik eta lasterren hornitzaileei ordaintzeko. Goienak jakin duenez, kontzertu batzuk antolatzeko asmoa ere badute. Martitzen gauean, 21:30ak aldera jarri zuten martxan crowdfunding-a eta dagoeneko ehun pertsona baino gehiagok jarri dute aletxoa: ia 6.000 euro batu dira.
Datozen asteetan irekita egongo da ekarpena egiteko kontua eta Jai Batzordetik dei egiten diete auzotarrei, herritarrei eta Udalari bakoitzak bere aletxoa jartzeko. Hemen egin daiteke diru-ekarpena.
Jai Batzordeak kaleratu duen oharrean nabarmentzen da Aretxabaletari jai "historiko" batzuk oparitzea zela euren ilusiorik handiena, baina lapurretaren ondorioz, pilatutako poz guztia "zapuztu" egin dela. Horrez gain, jakinarazi dute salaketa jarrita dagoela eta ustezko lapurra eta konplizea lokalizatuta daudela. Tamaldu dute ere, justizia "geldoa" dela, eta fakturei aurre egiteko erantzukizuna haiei dagokiela.
Azkenik, jaiek iraun bitartean jaso duten babesa eskertu nahi izan dute: "Bihotzez eskertzen dizuegu asteburuan zuen aldetik jaso dugun maitasun eta babes guztia. Ziur gaude auzo baten nortasuna, herri baten ongizatea, bertako biztanleek eraikitzen dutela alaitasun partekatuen eta aurre egin beharreko zailtasunen inguruan. Horregatik eskatzen dizuegu orain azken aldiz laguntzeko", adierazi dute.