Zuzendaritza berritua, proiektuekin jarraitzeko

Mirari Altube Arrese 2023ko uzt. 14a, 18:00

Zuzendaritza batzordeko hainbat kide batzar orokorrean.

Datorren denboraldiaren berri eman die UDAk bazkideei: Arizmendi kirol elkartearekin batera emakumezkoen lau talde sortuko ditu, EKKO proiektuari jarraipena emango dio eta Joko OK ekimena lantzen hasita dago Realarekin batera.

Kirola esparru guztietara zabaltzeko helburua betetzen jarraitu gura du Aretxabaleta kirol elkarteak, baita aurrez aurre duen 2023-2024ko denboraldian ere. Honela adierazi zuen Agurtzane Elkoro presidenteak joan den egubakoitzean egindako batzar orokorrean: "671 neska-mutikok jardun dute UDArekin azken denboraldian; asko da gero! Pozik gaude datuekin, eta hori indartzen jarraituko dugu". Bazkidetzak ez du igoerarik izango, baina oinarrizko futbolean diharduten jokalariei kuota igoko diete.

Zuzendaritza batzorde berritua

Zuzendaritza batzordea berritu egin dute, eta hamabost laguneko taldea osatu. Plan estrategikoan zehaztutakoari jarraipena emango diote haiek, Elkororen hitzetan: "Puntuen artean daude: kirola –zenbat eta kirol gehiago, osasun hobea–; komunitatea; herrigintza; lehiakortasuna; euskara; eta emakumea". Horiek bideratzeko ardurak banatu dituzte lantaldekoen artean.

Hona hemen kideak:
  • • Agurtzane Elkoro.
  • • Amaia Gastañaga: Idazkaria eta ekintzak eta proiektuak.
  • • Iker Urkia: Herrigintza.
  • • Ander Hernandez: Erakundeekin harremanak: Udala, Reala…
  • • Nerea Olmedo: Diruzaina.
  • • Jose Ramon Gordoa: Merchandising-a.
  • • Mario Unanue: Taberna.
  • • Ekaitz Aramendi: Futbol eskola.
  • • Jose Luis Uribarren eta Iñaki Gonzalez: Pilota.
  • • Joseba Arana: Seniorrak.
  • • Gorka Arrese: Oinarrizko futbola.
  • • Jon Zubillaga: Babesletzak.
  • • Oier Zumarraga Komunikazioa.
  • • Julen Ezeiza

Emakumeen kirola

Emakumeen kirolerako grina sustatzen jarraitu gura dute. "16 urterekin askok utzi egiten diote kirola egiteari, eta hori desastre hutsa da. Diziplina guztietan gertatzen da, gainera", adierazi du Elkorok. Hala, Arizmendi kirol elkartearekin batera lau futbol talde eratuko dituzte: seniorrak –Aloña Mendi ere parte dela–, infantilak, alebinak eta futbol eskola.

Beste berritasun bat da Aratz elkarteko lagunek lekua izango dutela Ibarra futbol zelaian: "Espazio bat utziko diegu, eta begirale bat jarri". Dena den, oraindik garatzeko daudela nondik norakoak onartu du. Era berean, nabarmendu du pertsona bakoitza bakarra dela: "Lehiakortasunari garrantzia emango diogu horren barruan".

Joko OK eta EKKO proiektuak

Azken denboraldian futbol zelaian izandako "jarrera arazoak" ere kezka handia eragin dio Elkorori. Kontu hori dela-eta, hain zuzen ere, Gazteen Euskal Ligan diharduen taldeak lehenengo partidua ezingo du etxean jokatu, zigortuta dagoelako. Arazo horri heldu nahi izan diote, eta dagoeneko hasita daudela lanean adierazi du: "Horretarako beste proiektu batean sartu gara: Joko OK. Eta Realarekin batera dihardugu. Arazoak diodanean, orokorrean ulertu behar da: zaleen jarrera, bullying-a…"

San Juan de Dios ospitalearekin, ikastetxeekin eta Eskoriatzako eta Aretxabaletako udalekin elkarlanean abian jarritako EKKO –Eskola, Komunitatea, Kirola, Osasuna– proiektuari, bestalde, jarraipena emango diote: "Olinpiadak egingo dira eta inklusioa/ilusioa ekimena ere etorriko da berriro, gurasoendako hainbat hitzaldirekin".

Agurtzane Elkoro: "Jarrera arazoak kezka eragiten dit"

Zortzi urte egin ditu presidente karguan.

Zuzendaritzan jarraitzen duzu.

Bai; Julen Ezeizak eta biok jarraitu egingo dugu aldi batean, berriei transmititzeko orain arte egindako lana.

Azken denboraldiarekin gustura?

Helburu gehienak bete ditugu. Instalazio onak ditugu, kirolari mordoa, erakundeekin harreman ezin hobeak, eta emaitzekin pozik nago; gure baliabideak kontuan hartuta onak izan dira. Baina guztia ez da izan polita.

Zein arantza geratu zaizu?

Futbol-zelaiko jarrera arazoak kezkatzen nau; barruak astintzen dizkit. Eta hasi gara horren bueltako lanketa egiten Realarekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak