Ander Martinez aretxabaletarra zezenketa zale amorratua da. Gaztetatik bigantxa artean ibili izan da, orain dela lau urte San Ferminetako entzierroetara saltoa eman arte. Gaur egun errekortadore gisa jarduten du Euskal Herriko plazarik plaza.
Nondik datorkizu zaletasun hau?
Aitarengandik jaso dut pasio hau. Berarengandik zurrupatu dut ikasitako guztia.
Zer sentitzen da entzierroan parte hartzean?
Pertsonalki bete egiten nau zezenaren aurrean jartzeak. Sekulako adrenalina sentitzen dut. Tentsioa, baina aldi berean poztasuna nahasten dira. Sentsazio paregabea da.
Zein tartetan egiten duzu lasterka?
Telefonica hasieran hasten naiz korrika eta posible bada, zezen plazan sartzen ahalegintzen naiz. Tarte horretan animaliak motelago igarotzen dira eta lasterkariak ere sakabanatuago iristen dira. Leku errazena eta erosoena dela esango nuke.
Oztopo handia da bertan biltzen den jendetza?
Lasterkari bakoitzak ez du alboan duen pertsonan inoiz pentsatzen; alde horretatik oso berekoiak gara. Bakoitzak bere ibilbide propioa egiten saiatzen da eta horrek arazoak sortzen ditu. Begi batekin zezena nondik nora dabilen ikusi behar duzu eta bestearekin aurrean zer duzun. Oso zaila da bi gauzak batera egitea eta are eta gehiago, bihurguneak dauden zatietan. Moldatu beharra dago.
Ohitura edo erritual berezirik baduzu?
Oso urduri jartzen naiz entzierro aurreko orduan; bihotzeko taupadak ere sentitzen ditut. Besterik gabe, posible den heinean burua hotz mantentzen saiatzen naiz.
Aurten zenbat aldiz parte hartzeko asmoa daukazu?
Bi aldiz hartuko dut parte. Bata Nuñez Cavillo ganadutegiarekin egin nuen eta entzierro azkarra, zein garbia izan zen. Bihar berriro joateko asmoa dut, izan ere, Miura ganadutegiak ospe eta tradizio handia du. Gogoa dut beraien aurrean "jolasean" aritzeko. Gainera, festen azken entzierroa izango da.
Errekortadore lanarekin, zein desberdintasun nabarmenduko zenituzke?
Bi mundu oso desberdin dira. Hala ere, errekortadore lanetan irabazitako eskarmentua, entzierroan parte hartzerako orduan bikain datorkit. Zezenarekiko errespetua edukitzen ikasi dut, hortaz, ez da guztiz berria den zerbait. Zezenaren aurrean horrelako abiaduran ibiltzeko, fisikoki oso ondo egon behar da.
Etorkizunera begira zein helburu dituzu?
Bergarako Zezenekin batera, erakustaldiak egiten jarraitzea gustatuko litzaidake. Nola ez, San Ferminetara itzultzeko asmoa dut.