Eraberrituta datoz Portasol auzoko jaiak

Oier Zumarraga Aranburu 2023ko uzt. 11a, 12:00
Erraldoiak Portasoleko jaietan

Jai batzordeak egitarau mardula prestatu du auzoa biziberritzeko asmoarekin. Klasiko bilakatu diren ekintzei, bestelako ekintza alternatiboak gehitu zaizkie.

Uztailaren 13an hasi eta domekara bitartean jai giroa nagusituko da Aretxabaletako Portasol auzoan. Aurten lau egunetako egitaraua antolatu dute, era horretara osteguneko pintxo-potearekin bat egiteko. Hala ere, txupinazoa ostiralean botako dute ofizialki jaiei hasiera emateko.

Txosnen kokalekua

Aurtengo jaien beste berezitasunetako bat, txosnen kokalekua izango da. Ibarra kiroldegi pareko belardian kokatuko dira. Zehazki, futbol zelaiaren eta skate parkearen artean. Bertan askotariko kultura eskaintza egongo da adin guztientzat, baina batik bat, izen handiko kontzertuak ekartzen esfortzu berezia egin dutela aitortu dute antolatzaileek. Gainera, musika estilo desberdinez gozatzeko aukera ere egongo da, besteak beste, punka, trapa edo musika elektronikoa. Horretarako, beste askoren artean Youth United, Laino Beltzak, Dj Mikel, Bixentak edota Etxepe bezalako artistak igoko dira oholtza gainera.

Belaunaldi aldaketa jai batzordean

Jaien plangintzari beste buelta bat eman nahian, aurtengoan 18 urteko auzotar mordoxka bat sartu dira jai batzordera. Dena dela, trantsizio honetan aurreko urtetako antolatzaileren batek edo bestek karguan jarraitu du. Antolakuntzaren hitzetan adin desberdinetako jendea egotea "zinez aberasgarria" izan da egitaraua diseinatzerako orduan. "Auzoak merezi dituen jaiak antolatzen saiatu gara; azken urtetan indarra galtzen joan dira eta honi buelta ematen saiatu gara", adierazi du Danel Gomez antolakuntzako kideak. Gainera, inguruko herrietako jendea erakartzea helburu dutela aipatu du, auzoko kaleak jendez lepo ikusteko.

Egitaraua osorik

Uztailak 13, eguena:

  • 17:00: ur jolasak txosnagunean.
  • 19:00: pintxo-potea auzoan zehar.
  • 21:30: kilometro kontagailuaren aurkako lasterketa.

Uztailak 14, egubakoitza:

  • 17:00: gaiteroak, buruhandiak eta erraldoiak.
  • 19:00: patata tortilla txapelketa Zaraiako aparkalekuan.
  • 19:30: txupinazoa eta karropoteoa txosnagunean.
  • 21:30 kontzertuak txosnagunean.
    • Ordena:
      • Laino Beltzak
      • Youth United
      • Oihu
  • 23:15: Lekittoko Debruak
  • 01:30: Dj Mikel Night

Uztailak 15, zapatua:

*Egun osoan zehar kuadrillen arteko futbol txapelketa

  • 11:00: lasterketak Bizkaia kalean.
  • 12:00: puzgarriak Loramendi kalean.
  • 15:00: bazkaria eta bingo musikatua. *tiketak tabernetan salgai.
  • 17:00: mus txapelketa. *Eguzkialden izen-ematea.
  • 17:30: Bixentak taldearen kontzertua txosnagunean.
  • 19:00: trikipoteoa.
  • 22:30 kontzertuak txosnagunean.
    • Ordena:
      • Even OHC / Baken / Ekso / Pxli 721
      • Denso / Mutiko / Tatta
      • Etxepe

Uztailak 16, domeka:

*Goizean zehar Teledirigido Crawler erakustaldia skate parkean.

  • 10:30: bigarren eskuko liburu eta jostailuen azoka, ur jolasak eta janaurrekoa txosnagunean.
  • 13:00: paella lehiaketa txosnagunean.
  • 19:00: nagusiendako dantzaldia txosnagunean.
  • 20:00: auzoko zaharrenari eta gazteenari omenaldia txosnagunean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak