Bailaran dagoeneko ohitura bilakatu dira kuadrillen arteko futbol txapelketak. Arrasaten Zaldibarko txapelketa, Bergarakoa, aurten Eskoriatzako areto futbol txapelketa… Aretxabaletakoak, baina, badu tradizio luze eta aberatsa. 30 urte baino gehiago daramatzate lehiaketa antolatzen, eta historian zehar askotariko aldaketa eta birmoldaketak bizi izan ditu. Hasiera batean, Iturrigorri pilotaleku ondoko kantxan jokatzen zen, areto futbol txapelketa gisa. Ondoren, Arlutzeko jokalekura salto egin zuen, eta garai hartako parte-hartzaileek 35 talde inguru biltzen zirela baieztatu dute. Alboko herrietako talde mordoxka bat ere animatzen zen, bertan bizitzen zen giroak bultzatuta. Taldeek aste osoan zehar zituzten kanporaketak eta antolatzaileek egitarau mardula prestatzen zuten herriko ostalariekin batera. Arlutzeko kantxa inguratzen zuten hesiak jendez lepo egoten ziren. Zalaparta handia egoten zen neurketen harira; batik bat, neurketak aretxabaletarrak eta arrasatearrak biltzen zituenean. Lehiakortasun handiko norgehiagokak izaten ziren, baina, azkenean, giro osasuntsua gailentzen zen. Gaur egun, Ibarrako zelai artifizialean jokatzen da, nahiz eta, betiko lehiakortasunak bere horretan jarraitzen duen.
Txapelketan parte hartzeko
Debagoieneko kuadrillen arteko IX. futbol zazpi txapelketan parte hartzeko epeak zabalik jarraitzen du uztailaren 10era arte. Portasol auzoko jaiekin bat eginez, uztailaren 15ean bailarako lagun taldeek hitzordua edukiko baitute Ibarra futbol zelaian. Pandemia aurretik egin gabe zegoen, eta bertan lehiatzeko baldintza bakarra 16 urtetik gorakoa –2007an jaiotakoak barne– izatea da. Talde bakoitzaren arduradunak bere izena eta telefono zenbakia eman beharko ditu, baita 130 euro sartu ere Laboral Kutxako kontu k o r r o n t e h o n e t a n : ES9330350002160020703093. Eta taldearen datuekin formulario bat bete beharko dute. Parte hartzeko, uda.kudeatzailea@gmail.com helbidera idatzi edo 635 20 64 33 Whatsapp zenbakiarekin kontaktuan jarri beharko da. Lehenengo hiru sailkatuek sari ekonomikoa jasoko dute: irabazleek diruaren %60 jasoko dute, txapeldunordeek %30 eta hirugarrenek %10. Berezitasun gisa, herriko merkatarien eskutik atezain onenari, gol gehien sartzen dituenari, txapelketako jokalari onenari eta talde animosoenari sariak banatuko dizkiete.
Ricardo Soares: "Jendea herrian gogotsu ikusten dut"
Ricardo Soaresek aurtengo kuadrillen arteko txapelketa antolatu du, Iker Gomezen laguntzarekin.
Nola dator aurtengo edizioa?
Iaz futbol zelaiko obrak zirela-eta ezin izan zen antolatu, eta, lau urteren ondoren, zerbait berezia egin nahi izan dugu.
Egongo da berezitasunik aurreko urteekin alderatuz?
Sari bereziak egongo dira jokalari onentzat eta otarre oso potoloak zozketatuko dira errifen bitartez.
Zer dela-eta antolatu duzue berriz ere?
Txikia nintzenetik Portasolgo jaiekin lotzen dudan txapelketa da eta jendea gogotsu dagoela uste dut. Aipatu beharra daukat herriko merkatariek asko lagundu digutela, beste behin eta oso eskertuta gaude.