"Trankil bizi behar da" 100 urtetik gora hartzeko

Mirari Altube Arrese 2023ko uzt. 7a, 11:49

Laureana Bolinaga, etxeko egongelan, martitzenean.

Laureana Bolinaga Uriarte 1920ko uztailaren 4an jaio zen, Udalean duten erroldaren arabera; hark, ostera, 102 urte ospatu zituen martitzenean. Edozelan ere, badira urte batzuk, eta umorea galdu barik egin du bizitzan aurrera, burua argi eta osasuna lagun.

Aozaratza auzoko Urrutikoa baserrian jaio zen Laureana Bolinaga Uriarte, zortzi anaia-arrebak osatutako familian. "Ahizpa batek eta biok uztailaren 4an ospatzen genuen urtebetetzea; hura 1923koa zen eta ni, 1921ekoa", azaldu du. Hala ere, Udalaren erroldak dio urtebete lehenago jaio zela. Familiarekin –hiru seme-alaba, lau iloba eta zazpi biloba– joan den zapatuan ospatu zuen urtebete gehiago egin izana, eta martitzenean ere hainbat opari jaso zituen.

Eskolan gazteleraz

Auzoko eskolan egin zituen ikasketak: "Aozaratzakook gazteleraz genekien, Don Fermin maisuak zigortu egiten gintuelako euskaraz eginez gero, eta Goroetakoek, ostera, ez zekiten. Orduan kategoria handia zen hori". Ondoren, mojekin ere jardun zuen: "Aozaratzakook, baina, besteek baino askoz gehiago genekien, irakasle ona izan genuelako".

Ondo akordatzen da gerra sasoiarekin, eta "garai gogorra" izan zela dio: "Atxorrotx aldetik hegazkinak etorri eta paperak botatzen zituzten; iragarkiak ziren. Kaletik etorri zen jendea auzoetara: Bilbotik Ugastegira… Pentsa, "gora errepublika!" esateagatik bakarrik eraman zuten Goroetako bizilagun bat. Guri esaten ziguten belarriak zabalik eta ahoa itxita egoteko". Gerra ostea ere ez zen gozoa izan baina goserik ez zutela pasatu azaldu du: "Txerria genuen, ganadua ere bai… Baina isilean, inori ezer esan gabe".

Zortzi urte Taberna-Berrin

Taberna-Berri jatetxean zortzi urte egin zituen lanean: : "Oso gertukoak ginen eta etxekotzat ninduten". Hala ere, deskantsurako unerik ez zegoela du gogoan: "Ez zen jaiegunik egoten. Behin, zerbitzari batek baimena eskatu zuen plazan zegoen dantzaldira joateko, eta baietza eman zioten; baina dantzan egin orduko itzuli behar izan zuen lanera". Jaietarako ilusio handia izaten zutela adierazi du: "Ugastegira, Larrinora, Zaloñara joaten ginen; Araotzen egun pare bat ere egiten genituen".

Paseatzea gustuko izan du beti, inguruko bazterretara eta mendira joatea: "Lagun artean joaten ginen: Arantzazura, Urkiolara… Besterik ez zegoen orduan, eta telebistarik ere ez!". Ia ehun urte bete arte ibili izan da hara eta hona oinez; sarritan, bakarrik.

Urteak, banan-banan

Ez du gaixoaldi larririk izan. Pandemia garaian, baina, erori egin zen eta mokorra apurtu zuen; ordutik hona, aulki gurpildunean irteten da kalera. Dio ezinbestekoa dela ardurarik gabe bizitzea: "Trankil bizitzea baino hoberik ez dago". Eta urteak betetzen jarraitu gurako luke. "Baina aldiro bat, asko ditut eta!", dio, umoretsu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak