Matilde Aizpurua: "Melillan migratzaileen egoera harrigarria da"

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko uzt. 7a, 13:00

Orain dela bizpahiru aste, Melillan izan zen aretxabaletarra migratzaileek bizi duten egoeraren inguruan ikertzen; giza-eskubideak nola urratzen diren bizi izan du gertutik. 

Matilde Aizpurua aretxabaletarra Melillan izan berri da, Gobernantza eta Giza Eskubideei buruzko masterreko praktikak egiten. Migratzaileek bizi duten egoera ikertzen aritu da, eta harrituta gelditu da egoera administratibo irregular batean dauden pertsonen giza eskubideak nola urratzen diren ikusita. 

Melillan, migratzaileek bizi duten egoera ikertzen aritu zara masterreko praktiken kontura. Nolatan ba?

Melillara joan nintzen bertako egoera oso berezia delako. Ekainaren 24an urtebete bete zen Melillako harresian egon zen masakretik, eta Caravana Abriendo Fronteras egitasmoak ibilbide bat egin zuen herrialde osotik, eta Melillan amaitu zuten manifestazio batekin, eta hitzaldi batzuekin.

Zenbat pertsonekin aritu zara lanean?

Zaila da jakitea, zehazki, ez daudelako erregistratuta eta ezer. Batzuk joan egiten dira, eta beste batzuk etorri. Gu egoten ginenekin, gazte marokoarrekin, berrogei bat inguru ziren.

Zer aurkitu duzu bertan?

Egoera nahiko harrigarria da, ez baitago sare bat jende honi harrera bat emateko, eta dituzten beharrak asetzeko. Guztia, musu-truk, elkarteek eta boluntarioek egiten dute.

Harritu zaitu zerbaitek bereiziki?

Orain egoera berezi bat dago, izan ere, Marokok frontera itxita dauka; ez da erraza hesitik pasatzea. Melillan marokoar asko daude igerian datozenak, baina Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik datozen pertsonak ez daude hainbeste. Migratzaileentzat dagoen zentro bat, adibidez, hutsik dago orain.

Eta, zein izan da zure lana, Melillan, zehazki?

Azkenean, pertsona horiek dituzten beharrei erantzutea da, eta pertsona batetik bestera beharrak aldatzen doaz. Adibidez, arratsaldetan areto bat zabaltzen da eta bertara etortzen dira mutikoak. Bertan denetarik egiten dute; Gaztelaniaz ikasi, mugikorra kargatu, prozesu administratiboan laguntza jaso, aholkularitza juridikoa, medikuarengana joateko laguntza eskatu... Behar dutena eskatzera etortzen ziren. Horren ostean, kaleko txoko batean afaria ematen zaie.

Haiekin hitz egiten duzunean, zer kontatzen dizute?

Komunikazioa zaila da beraiekin, gehienek ez dakite gazteleraz hitz egiten. Batzuek ingelesez zerbait dakite, baina gutxik. Elkartean Melillako bi pertsona zeuden marokoar familia zutena, eta haiek egiten zizkiguten itzulpen lanak. Ez dute arazorik haien bizitza kontatzeko, baina, arrazakerian kontrako aldarrikapenak egiten dituztenak beste momentu batean egoten dira, ez agian Melillara heldu berri. 17 urtetik 23 urte bitarteko jendea dago, eta haiek kontatzen dizute zer nolako bizitza zuten Marokon, orokorrean bizitza prekarioak, eta nola heldu diren Melillara; batzuk fronteraren beste aldekoak dira, baina beste asko urrutitik datoz.

Pertsonalki, zer suposatu dizu esperientzia honek?

Gehien harritu nauen gauza izan da, zer nolako modu lotsagabean urratzen diren giza eskubideak, eta ez dagoela inolako erantzunik. Adin gabekoen zentroan askotan ezin dute ura edan bazkaltzeko eta afaltzeko.

Aurrerantzean, gustatuko zitzaizun horrelako ekintzetan parte hartzen jarraitzea?

Bai, gustatuko litzaidake sortu ditudan harremanak mantentzea eta horri tiraka, noizean behin, jarraitzen joatea. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideak joan izan dira Melillara eta haiekin berriro itzultzea gustatuko litzaidake

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak