Ekainaren 17an eratu zen udalbatzak lehen osoko bilkura egin zuen astelehenean. Gari Iturbe alkatearen estreinaldia izan zen eta adierazi zuen guztien artean bideratuko zutela lehenengo hori. Hasteko, udalbatzaren eraketa egunean bertan egoterik izan ez zuen Javier Mar jeltzaleak zinegotzi kargua hartu zuen. Gainerako taldekideek legez, "legeak hala aginduta" formula erabili zuen hitz emateko.
Lehenengo hau ezohiko osoko bilkura izan zen eta bertan zehaztu zuten ohiko bilkurak bi hilabetean behin egitea orain arte legez; hilabeteko hirugarren eguaztenetan izango dira, 18:00etan.
Hamaika batzorde
Lanean lehenbailehen ekiteko batzordeak eratu zituzten eta horietan zeintzuk izango diren ordezkariak zehaztu. Aurreko agintaldiko hamarrei eutsi diete eta berri bat sortu: Garapen ekonomikoa. Horren aldeko apustua egin gura izan dutela zioen Iturbek: "Merkataritzari heldu eta pauso berriak emateko adibidez, sektore horrekin zer gertatzen ari den ikusita. Era berean, industria ere erdian jarri gura dugu".
Hona hemen batzordeak eta horietan izango diren kideak:
- • Ogasuna: Gari Iturbe eta Unai Elkoro.
- • Hirigintza: Ion Albizu eta Mikel Uribetxebarria.
- • Plangintza urbanistikoa: Ion Albizu, Gari Iturbe, Unai Elkoro eta Conchi Muñoz.
- • Ongizatea: Nerea Zubillaga eta Karmele Uribarri.
- • Berdintasuna: Ainhoa Sanchez eta Maider Triviño.
- • Kultura: Ibai Zangitu eta Maider Triviño.
- • Gazteria: Ainhoa Sanchez eta Maider Triviño.
- • Euskara: Gari Iturbe eta Karmele Uribarri.
- • Garapen Ekonomikoa: Angel Etxabe eta Conchi Muñoz.
- • Hezkuntza: Gari Iturbe eta Javier Mar.
- • Kirola: Gari Iturbe eta Javier Mar.
Gobernu Batzordean EAJ ere bai
Tokiko Gobernu Batzordea ere eratu zuten. Alkateaz gain EH Bilduko beste hiru kide izango dira han: Nerea Zubillaga, Ion Albizu eta Ainhoa Sanchez –alkate-ordeak izango dira hirurak hurrenez hurren– eta . Taldea osatuko du EAJko bozeramaile Mikel Uribetxebarriak. "Elkarlana sustatu gura dugu; haien ekarpenak jaso eta arlo ezberdinetan komunean jarri planteamenduak, guztiok gura dugulako herriarendako onena", zioen Iturbek eta Uribetxebarriak azaldu zuen zergatik onartu duten proposamena: "Gaiak batzorde informatiboetatik pasatu arren beti egoten dira erabaki batzuk zuzenean hartzen direnak Gobernu Batzordean. Erabakitzeko ahalmena EH Bilduk izango du baina guk gure iritzia emango dugu".
Udal lanetan jarduteko hiru liberazio proposatu zituzten: Iturbe alkateak eta Albizuk jardun osoa izango dute eta Sanchezek heren bat. Alkatearen puntua, baina, irailera atzeratu zuten lan kontuengatik eta zinegotzien soldata onartu zen: 42.000 euro –Sanchezen kasuan lanaldiaren proportzionala, 14.000 euro– . "Berdintasun arloa zutabetzat hartu dugu eta liberazio bat horretara bideratuko da, transbersalitatea lantzeko eta dagokion garrantzia emateko". Oposizioak ez du liberaturik izango, "oraingoz behintzat".
Udalean ordezkaritza duten alderdiek jasotzen duten diru ekarpenari dagokionez, aurreko agintaldiko kopuru berberak izatea onartu zuten.
Bestalde, udalak parte hartzen duen erakundeetan ordezkariak izango direnak ere hautatu zituen, Debagoieneko Mankomunitatekoak izan ezik; aurrerago erabakiko ditu.
Bukatzeko 2023ko herriko jai eguna onartu zuten: abuztuaren 16a.