Loramendi elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak, langileak eta hainbat bazkide elkartu ziren martitzenean egindako batzar orokorrean. Gaur egun abian dituzten proiektuen berri eman zuten, hiru arlotan banatuta.
Aisialdiaren baitan ludoteka zerbitzua eta Loratu ekimena daude; hori, udalekuei bideratuta, bereziki.
Euskararen erabilera eta hurbiltzea helburu dituen alorrean umeei eta helduei bideratutakoak daude: herrira iritsi berri diren umeendako hizkuntza errefortzua, batetik, eta aniztasunaren bueltakoak, bestetik: Barriketan, Auzoko eta Bihotza Ulersaioak, besteak beste. Azken horien arduradun Miren Igartuak agur esan zuen, eta datorren irailean bideratzaile berria hautatuko dute.
Azkenik, jarduera orokorren barruan, Toponimia eta Kultura taldeak daude. Gorka Madinabeitiak aurreratu zuen 2022ko urtarrilean aurkeztutako Aretxabaleta. Hamaika ibilaldi eta istorio liburua moldatzen dihardutela eta udazkenerako argitaratu gurako luketela.
Iazko jardueren berri ere eman zuten –besteak beste, Euskaraldia eta Korrika–, eta diru-kontuak onartu.
Hainbat erronka
Aurtengo erronken artean bada bat potoloa: 30. urteurrena. Abenduaren 10ean izango da hori, eta hari begira asmoa da hilabete guztietan antolatzea ekintzaren bat edo beste herritarrekin batera ospatzeko.
Horrekin batera, euskararen kale erabileraren gaineko lanketak egin gura dituzte, eta hausnarketa-prozesua abiarazi. "Erabilerak kezkatzen gaitu, eta horri heldu gura diogu. Saiakeraren bat edo beste egin da, gurasoekin, esaterako, baina ez du arrakasta handirik izan", azaldu zuten.
Zuzendaritza batzorde aldaketa
Azken bederatzi urteetan lanean jardun duen zuzendaritza batzordeak –Iñigo Iñurrategi, Marga Garmendia, Gorka Madinabeitia, Aiora Filarmendi, Miren Arietaleanizbeaskoa eta Unai Bengoa, besteak beste– kide berriei pasatu die lekukoa. Hala, honako hauek osatuko dute: Lierni Zangitu –presidentea–, Julen Perales, Olaia Etxenagusia, Amaia Berezibar, Xabi Antxia eta Mirari Altube. Haiei besteren bat batuko zaie. "Lasai uzten dugu kargua, proiektu politak daudelako abian eta atzetik datozenek jarraipena emango dietelako", adierazi zuten; eta agurra bertsotan egin zuen Iñurrategi presidente ohiak.