Aretxabaletako kuartela, disko-iturri agorrezina

Oier Zumarraga Aranburu 2023ko eka. 19a, 11:00

Berandu Baino Lehen, Oihu, Jasan eta Txerrikumeak musika taldeak.

Aretxabaletako kuartela inguruko musika taldeen entsegu lokala den heinean, bertako sortzaileek kultura hauspotzen jarduten dute. Horren adierazle dira azkenaldian Berandu Baino Lehen, Oihu, Txerrikumeak edota Jasan taldeek argitaratu dituzten diskoak.

Aretxabaletako eta inguruko herrietako sortzaile askok kuartela dute elkargune. Askotariko musika estiloak eta diziplinak jorratzen dituzte han, eta, erabiltzaileen hitzetan, kuartelak duen "indarraren" erakusle dira ekoizten diren lan guztiak. Euren lanak aurkeztu dituzten azkenengo taldeak Txerrikumeak, Jasan, Oihu eta Berandu Baino Lehen izan dira.

Hemen dira berriz ere

Txerrikumeak taldeak Nora heldu hirugarren diskoa argitaratu berri du. Aurkezpena joan den larunbatean Arrasateko gaztetxean egin ondoren, udan ahalik eta kontzertu gehien jotzeko esperantza dute. Diskoa hainbat lekutan aurkezteko helburuarekin, dagoeneko kontzertu sorta polita daukate itxita Aretxabaletan, Oñatin eta Ozetan, besteak beste. Aurreko lanekin alderatuz ñabardura berri asko dituela aitortu dute taldeko kideek. Konposizio dinamika, hitzei eskainitiko denbora eta grabaketa prozesua bera askoz ere landuagoak izan direla azaldu dute. Pandemia garaian abestiak sortzen hasi ondoren eta etenaldi bat tarteko, azken hilabeteetan landu dituzte abesti gehienak. Azkenik, diskoari zuku guztia ateratzeko, nahasketak eta masterrak estudio profesional batean egin dituzte. Dena dela, lan karga horri ohitzea kostatu zaiela aitortu dute, eta orain kontzertuetan gozatzeko unea dela adierazi dute, denbora askoren ostean.

Metal doinuak baztertu gabe

Jasan metal taldeak bederatzi abestiz osatutako lehen diskoa kaleratu zuen maiatz bukaeran. Lanaren grabaketa "oso nekeza" izan dela adierazi du taldeko gitarra-jole Ixak Sarasuak. Diskoa 2020ko udan grabatzen hasi ziren, baina pandemiak eragindako mugikortasun murrizketek prozesua moteldu zuten. Gauzak horrela, egoeretara egokitzen joan behar izan dute, eta, azkenean, Txerrikumeak taldeko kideek bultzatuta, ekainean diskoa grabatzeari ekin zioten berriro ere. Orain dela bost urte argitaratutako maketarekin alderatuz desberdintasun nagusia soinuaren kalitatea dela nabarmendu dute taldeko kideek. Metal soinuak baztertu gabe, estudio profesional batean grabatutako lana izatea soinuari dagokionez "aurrerapausoa" izan dela nabarmendu dute. Udan etenaldi txiki bat egingo dute, irailetik aurrera erabat indarberrituta kontzertuak ematen hasteko. Dena dela, abuztuan Aretxabaletako Andra Mari jaietako hitzorduan ez dute kalerik egingo; herrian jotzeak "xarma" berezia duela adierazi dute.

Aro baten itxiera

Oihu taldea ez da gutxiago izan, eta lau abestiz osatutako maketa kaleratu zuen apirilean. Orain dela hiru urte inguru konposatzen hasi ondoren, patxadaz ekoitzitako lana dela adierazi dute taldeko kideek. Abenduan lana grabatzen hasi ondoren, emaitzarekin oso harro agertu da taldeko kide Peio Uribetxeberria. Talde-formakuntza aldatu aurretik, egindako ibilbideari amaiera ona emateko helburuarekin punk eta heavy doinuak jorratzen dituen lana aurkeztu dute. Euren ibilbide motzean, jadanik abesti berriak konposatzen hasiak dira. Egungo kontzertuetan beste talde batzuen bertsioak eta maketako abestiak tartekatzen dituzte. Udara begira, aurretik itxita dituzten kontzertuetan jotzeko asmoa dute, etenaldia egin aurretik. Denbora hori berriro ere lokalean sartzeko baliatuko dute, datorren diskorako abesti berriak sortzeko helburu argiarekin.

Hasiberriak

Berandu Baino Lehen taldeak bi urte eskas daramatza oholtza gainetan. Hiru musikariz osatutako taldeak aurten aurkeztu du lehenengo lana: Utopian zein? Iazko uztailean ekin zioten lanari eta abenduan bukatu zituzten grabaketak. Nahiz eta emaitzarekin pozik bukatu, Xabi Zugastik aitortu du grabaketa hobea izan zatekeela: "Zenbait gairi buelta bat gehiago ematea falta izan zaigu". Arantza hori kentzeko, abesti berri batzuk konposatzen eta beste batzuk fintzen dabiltza dagoeneko. Musikalki lana rock-and-rollaren barruan kokatu dute, non gitarrak sekulako indarra duen. Guztira hiru kide edukita, gitarrak hainbesteko protagonismoa izateak abiadura eta dinamismoa gehitu dio lanari, taldeko kideen hitzetan. Diskoa aurkezteko, udararako itxita dituzten bizpahiru kontzertuak berandu baino lehen jotzea espero dute. Oholtza gainean dena emateko gogoz daudela azpimarratu du Zugastik.

Disko bateratua

Kuarteleko eragileek disko bateratu bat kaleratzeko asmoa dute urrira begira. Hango erabiltzaile bakoitzak abesti propio bat konposatzeko aukera izango du, era horretara sortzaileen aniztasuna plazaratzeko. Proiektu horrekin, han egiten den lana ezagutzera ematea eta herriari egiten dion ekarpena ikusaraztea dute xede kuarteleko kideek. Gaur egun, hango sortzaileak bu

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak