Seigarrenez jokatuko da Lanbide Heziketako ikasleek egindako ibilgailu elektrikoen txapelketa. Ekimenaren helburua da ikasleen arteko talde-lana sustatzea eta jarduera esperimentalari eta sormenezkoari oinarria ematea, ibilgailu elektrikoen ezagutza teknikorako elementu pedagogiko gisa.
28 talde lehian eta bi gonbidatu
Lehiaketan 28 talde eta ibilgailu lehiatuko dira: 19 ibilgailu Euskadiko Lanbide Heziketan egindakoak, eta bederatzi beste autonomia erkidego batzuetatik etorritakoak, Aragoitik, Gaztela Mantxatik eta Kantabriatik, esaterako. Horiez gain, beste bi talde gonbidatu ere egongo dira, bata AIC –Automotive Intelligence Center– eta bestea, Baionako ikastetxe bat.
Lanbide Heziketako ikastetxe horietako ikasleek %100 elektrikoa den ibilgailu bat diseinatu eta eraiki dute, oinarri motor komun batetik abiatuta (motorra, motor-kontrolagailua eta bateriak).
Euskelecek bi fase ditu. Lehenengoa, prototipoa aurkezteko fase teknikoa eta sormenezkoa; eta bigarrena, ase dinamikoa. Bigarren fase horretan, ibilgailuen prestazioak, ezaugarriak eta diseinua ebaluatzen dira slalom, azelerazio eta gehieneko balaztatzeko proben bidez, besteak beste.
Egiaztapen teknikoak gaur egin dizkiete, eta bihar, ekainaren 3an, 10:30etik aurrera proba dinamikoak pasatu beharko dituzte. Sari banaketa ekitaldia 19:00etan izango da.
Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko Zentroa, Hezkuntza Sailaren mendekoa) antolatu du ekitaldia, eta Lanbide Heziketako ikasleen lana aitortu eta ikusarazi nahi du, baita haien irakasleen eta ikastetxeen laguntza eta inplikazioa ere.