Martxan da musikaz betetako hilabetea

Miren Arana Pagaldai 2023ko mai. 19a, 10:35

Leizarra Musika Eskolaren instrumentuak kalean, haurrek ikusi eta ezagutzeko.

Hainbat instrumenturen entzunaldiekin, Haurren Egunarekin, kurtso amaierarekin eta beste hamaika ekitaldirekin agurtuko dute Leizarra Musika Eskolakoek ikasturtea. Datorren urtera begira, matrikulazioa itxita dago oraindik: maiatzaren 22an irekiko da

Hemendik eta kurtso amaierara lan asko dute egiteko Leizarra Musika Eskolako irakasle eta ikasleek. Kurtsoan zehar zenbait entzunaldi egiten dituzte, instrumentu bakoitzak berea, eta oraindik entzunaldi batzuk egiteko daude; trikitiak maiatzaren 23an izango du berea. Bestela, Debagoieneko haurren egunetan ere izango dira, maiatzaren 28an Aretxabaletan eta ekainaren 4an Soraluzen; Arrasateko musika eskolaren 50. urterrenean ere izango dira, Debagoieneko beste musika eskola batzuekin batera. Mariatxen Urkia musika eskolako zuzendariak azaldu duenez: "San Juan bezpera izango da kurtso bukaera; ekainaren 23anplazan ekitaldia egingo dugu".

Matrikulazioa laster zabalduko den arren, itxita dago oraindik. "Leizarrako ikasleei galdetzen hasi zaie ea hurrengo ikasturtean jarraituko duten, eta maiatzaren 22an zabalduko dugu matrikulazioa". Maiatzaren 22tik ekainaren 16ra aukera egongo da matrikulazioa egiteko; Internet bidez egin beharko da, eta informazioa jasotzeko musika eskolako hirugarren solairura joan beharko da 17:00ak eta 19:00ak bitartean.

Ikusi eta ezagutu

2019an ikasturtea amaitzerakoan ateak ireki zituzten lehenengoz, baina pandemia zela-eta proiektua albo batera utzi behar izan zuten. Aurten, "esfortzu txiki bat" egin dute hori berreskuratzeko, eta gelako ekintzak kalera atera dituzte: "Gela barruan egiten duguna erakustea zen helburua. Musika eskolako ikasleak Aretxabaletako beste haurrei erakusten egon ziren; hala, nstrumentuak ikusi eta ezagutzeko aukera izan zuten".

Egunaren balorazio "oso positiboa" egin zuten musika eskolakoek: "Ez ziren instrumentuak bakarrik kalera atera; nolabait, klasea atera zen; instrumentuak jotzeaz gainera, klasean egiten dira gauzak azaldu ziren modu didaktikoan. Herritarren aldetik oso parte hartze ona egon zen, eta balorazio oso ona egin dugu".

"HAURREK
INSTRUMENTUAK

IKUSI ETA

EZAGUTZEKO AUKERA

IZAN ZUTEN"

Hasiera batean, betikoa

Iaz, ikastaro eta instrumentu berriekin hasi ziren, dultzainarekin eta albokarekin; baina datorren ikasturtean, berez, urtero bezala hasiko dira eta ez dute ezer berririk ekarriko. Hala ere, Mariatxen Urkiak gauza berriak egitea posible dela aitortu du: "Jendeak interesa badu eta talde eta baliabideak badaude, ahal den heinean, prest gaude gauza berriak egiteko. Printzipioz, talde berdinak egongo dira, ez da ezer berririk izango".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak