Dantzariz beteko dira kaleak maiatzeko azken egunetan

Mirari Altube Arrese 2023ko mai. 23a, 11:04

Leizarra musika eskolako dantzariak, Durana kalean, iaz.

Dantza Astea antolatu du Jaikik, beste behin, eta herriko hainbat talderekin elkarlanean hainbat ikuskizun eskainiko dituzte maiatzaren 26tik ekainaren 6ra bitartean; ikastaroak ere egongo dira, dantzari ekin gura diotenendako.

Maiatzaren azken egunetan dator Dantza Astea aurten ere, Jaiki elkartearen eskutik. Dantzak kalera atera gura dituztela aditzera eman du Jaikiko kide Maier Etxebarriak: "Aretxabaletan lantzen diren dantzak erakutsi gura ditugu, askotariko estiloak ezagutzera eman. Eta gero, herritarrak animatzen badira talde horietakoren baten parte hartzera urtean zehar, primeran!". 

Ekitaldi-sortarekin osatu dute egitaraua: "Ikastaroak daude, batetik, oso interesgarriak, gainera; eta ikuskizunak, bestetik". Emanaldi horiek hainbat elkartek egingo dituzte; haien artean daude: Leizarra musika eskolako helduen taldea, Gema Iñiguez partaide den saltsa taldea, Bergarako Candem Dance Studio eta Basotxo erretiratuen elkartea –euskal dantzetako taldea eta aretoko dantzak egiten dituena–.   

Hainbat ikastaro

Aurtengo berritasunen artean dago 12 eta 16 urte bitarteko gazteei bideratutako ikastaroa. Dantza garaikide eta sortzailea da horren izena eta Zuriñe Benavente dantzariak emango du: "Nerabeek dantzan egiteko aukera askorik ez dute izaten, eta hori pentsatuta antolatu dugu". Bi saio izango dira, ekainaren 3an eta 17an, eta, handik talde bat sortuz gero, datorren ikasturtean asteroko eskolak emango dituzte. Izena aurretik eman behar da: 644 35 10 40 edo 661 95 71 86.

Beste bi ikastaro ere izango dira egun horietan: batetik, Butoh, maiatzaren 27 eta 28an, Ainhoa Alberdi aktore eta dantzariak gidatuta; eta, bestetik, ekainaren 3an, dantza garaikidearen gainekoa, Other Side Company taldeko Marie Giquelen eta Nelson Martinezen eskutik. Izena emateko edo argibideak eskatzeko: 686 17 87 19.

Haiez gain, Ecstatic Dance saioa nabarmendu gura izan du Etxebarriak: "Edonori irekitako saioa da eta hiru baldintza bakarrik bete behar dira: ezin da oinetakorik erabili, ezin da hitzik egin eta ezin da substantziarik hartu. Musika benetan polita jartzen du Oskar Estangak, eta plazer hutsa da dantzan egitea".

Ikuskizun profesionalak

Ikuskizunei dagokienez, berritasunen artean dago oihal akrobazia musikatua. Oholtza mediokreen apologia izena jarri diote eta Larraitz Arando eta Ainhoa Sanchez aretxabaletarrek hartuko dute parte, besteak beste.

Horrez gain, bi dantza konpainia profesionalek dantza garaikide ikuskizunak egingo dituzte, Fagor Automationen eta Udalaren laguntzari esker. Maiatzaren 31n, Altraste Danza konpainiak Bolero, work in progress emanaldia egingo du eta ekainaren 2an, Other Side Company taldeak Cuatro puntos.

Egitaraua

Maiatzak 26, ostirala

  • • 18:00 Ecstatic Dance saioa, Oskar Estangak jarritako musikarekin. Kiroldegian.

Maiatzak 28, domeka

  • • 11:00 Haur Dantzarien Eguna. Kalean.

Maiatzak 30, martitzena

  • • 19:00 Bat-bateko konposizio dantza. Kalean.

Maiatzak 31, eguaztena

  • • 17:30 Euskal dantzak. Basotxo erretiratuen elkartea. Mitarten.
  • • 19:00 Dantza garaikidea: Altraste Danza. Mitarten.
  • • 19:30 Saltsa dantza. Mitarten.

Ekainak 1, eguena

  • • 19:00 Oihal akrobazia musikatua: Oholtza mediokreen apologia. Plazan.
  • • 19:45 Euskal dantzak. Leizarra musika eskolako dantzariak. Duranan.

Ekainak 2, egubakoitza

  • • 19:00 Dantza garaikidea: Cuatro puntos. Other Side Company. Mitarten.
  • • 19:30 Flamenkoa, klakea, sabel dantza. Bergarako Candem Dance Studio. Mitarten.

Ekainak 3, zapatua

  • • 10:00 Ikastaroa: Dantza garaikidea: Humanimal Movement-Asperum. Nelson Martinezekin. Kuartelean.
  • • 17:00 Gazte tailerra: Dantza garaikidea eta sortzailea. 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat, Zuriñe Benaventek gidatuta. Kuartelean.

Ekainak 6, martitzena

  • • 18:00 Aretoko dantzak. Basotxo erretiratuen elkartea. Mitarten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak