Uribetxebarriak, zerrenda osatu duten Conchi Muñoz, Javier Mar, Karmele Uribarri, Unai Elkoro eta Maider Triviño kideekin batera, eman zuen proiektuen berri. Orain dela zortzi urte EAJk Udal Gobernuaren buru izanik ekindako bideari jarraipena eman gura diola azaldu zuen: "Herritarrek behar duten eta merezi duten etorkizuna emateko, proiektu berrien eskutik, garenetik abiatuta, gure nortasuna balioan jarriz eta sendotuz, komunitatearekin elkarlanean. Gizarte babesean, ekonomiaren garapenean eta nortasunean azpimarra jarrita".
Etorkizuneko Aretxabaleta ere irudikatu zuen Uribetxebarriak: "Ekonomikoki oparoa, abegitsua eta eskuzabala, aretxabaletar guztien ongizateaz arduratzen dena, kulturalki bizia, euskaltzalea, berdinzalea eta aldaketa klimatikoaren erronkari erantzungo diona". Eta horretarako "hautagaitza sendoa, anitza eta eskarmentuzkoa" aurkeztu dutela gaineratu.
Osasun ekosistema eta frontoia eraberritzea
"Pertsonen arteko berdintasuna eta justizia sozialaren aldeko apustua" dela programaren muina gaineratu zuten EAJko kideek. Eta udal hauteskundeetara aurkeztutako "lau proiektu garrantzitsuenak" azaldu zituzten. Nagusienetakoa da herrian garatu nahi duten "zaintza, arreta eta osasun ekosistema berritzailea". Batetik daude komentuan kokatuko diren eguneko arreta zerbitzua eta jubilatuen egoitza; eta ekosistema hori osatzeko etxebizitza komunitarioen proiektua ere martxan jarriko dutela nabarmendu zuen Karmele Uribarrik, "zaintza eredu berri eta jasangarri baterantz trantsizio gisa". Eta bestetik, osasun zentro berria dago: "Aitzindari izango den ekosistema oso bat artikulatuko dugu herriaren erdigunean adinekoen arretara eta guztion osasunera bideratuta", adierazi zuen Javier Marrek.
Kirol jardueren baitako proiektuak ere aurkeztu zituen EAJk. Horiek indartzen jarraitu gura dutela adierazi zuen Uribetxebarriak. Horien artean dago kiroldegi aurreko berdegunerako herritarren partaidetzarekin zehaztutako proposamena: "Berdegunean ur jolasak, kalistenia parkea eta aisialdirako elementuak jarriko ditugu".
Kirolera bideratutako inbertsio proiektu nagusia, baina, Iturrigorri pilotalekuaren eraberritzea da Uribetxeberriarendako, "aretxabaletarrek frontoi duina merezi dutelako". Horretarako, eraikina guztiz ixtea aurreikusi dute, aldagelak gehitzea eta beharrezkoak dituen birgaitze orokorrak egitea.
Lausitta kalea eraberritzea eta institutu berria
Hirigintza lanei dagokienez, Lausitta kaleko ur hornidura eta saneamendu sareak berritzeko asmoa agertu zuen Conchi Muñoz zerrendako kideak, irisgarritasuna lehenetsita: "Oinezkoentzat traba arkitektonikorik gabeko auzo irisgarri eta erosoa bilakatzeko beharra dauka".
Hezkuntza arlorako duten proiektua ere azaldu zuen Unai Elkorok: "Hezkuntza institutu berria eraikiko dugu Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Punta-puntako ikasgela eta, aisialdi zein kirol ekipamenduak izango ditu". Institutu hori herriaren sarreran, Izurieta auzoaren azpialdean, kokatuko lukete.
Lau proiektu horiez gain gazteen baliabide beharrak asetzeko asmoa agertu zuen Maider Triviñok: "Gazteen beharrak gainontzeko sortzaile eta kultur eragileen beharrekin batera aztertu, eta herriko baliabide publikoak era orekatuan antolatuko ditugu".
Beste proiektu batzuk
Beste proiektu batzuk ere badituztela adierazi zuen alkategaiak. Ingurumenarekiko eta
jasangarritasunarekiko apustu sendoa egin duela EAJk zioen eta horren adibide, bertako zuhaitz espezien baso-azalera areagotzeko nahia bertako zuhaitz espezieak landatuz eta baratze komunitarioak sustatuta.
Energia berriztagarrien erabilera ekipamenduetara, hiri-altzarietara eta udal-titulartasuneko eraikinetara zabalduko dutela ere nabarmendu zuen. Eta herriko merkataritza eta ostalaritza indartzeko neurri berriak garatzeko konpromisoa adierazi zuen.