Zeinek konbetzitu zintuen berriro EAJren zerrendaburu izateko?
Inork ez ninduen konbentzitu. Jende ugarik eskatu zidan berriro aurkezteko, eta erabakia, asko pentsatuta, familia eta ingurukoekin hitz eginda eta konbentzimendu osoz hartu nuen. Ardura eta konpromiso kontua dela uste dut. Herrigintzan modu askotan eragin daiteke, eta, udalean jardutea moduetako bat da. Herria ezagutzen dut, eta, nire lan munduko zein udal ibilbidean jasotako esperientzia eta ezagutza baliagarri izan daitezkeela uste dut datozen lau urteotan.
Ezagutzen duzu Udal jarduna. Zerk ematen dizu bertigo handien? Eta zerk erakartzen zaitu gehien?
Hiru agintalditan izan naiz zinegotzi: 2003tik 2007ra Arritxu Oliden alkate zela; 2011tik 2015era, alkategai aurkeztu nintzen neu; eta azkenik, 2015etik 2019ra Unai Elkoro alkate izanik. Bertigoa baino nahiago dut ardura berba erabiltzea; batetik kezka, eta bestetik, erantzukizuna ere adierazten dituelako. Izan ere, Aretxabaletak 7.000 bezero ditu; herritarrei merezi duten bezala erantzutea gurako nuke. Era berean, erantzukizunak edo ardurak hartzea gustuko dut, erabakiak hartzea eta proiektuak aurrera ateratzea. Herrian lau urtetan sor daitezkeen arazoei konponbidea topatzeak erakartzen nau.
Ideologikoki nola definituko zenuke zure burua?
Berdintasunean eta justizia sozialean sinisten duen pertsona, baita euskalduna eta abertzalea ere.
Zure indargunea zein da?
Pazientzia handiko pertsona naiz eta arnas luzekoa; konpromiso bat hartzean muturreraino daramana. Entzuten dakiena eta taldearen iritzia kontuan izaten duena ere bai. Kudeaketari dagokionez, erabakiak hartu eta jarraipen estua egitea gustatzen zait.
"Orokorrean, udal jardunean esperientzia daukaten pertsonek osatzen dute zerrenda. Hortaz, zerrenda anitza eta orekatua daukagu"
Eta, oro har, nolakoa da Mikel Uribetxebarria?
Pertsona lasai eta xumetzat daukat nire burua. Aktiboa ere bai, eguneko ordu guztietan zeozer egitea gustatzen zait. Geldi egoteko ez naizela jaio diote etxean… Familia giroan egotea ere atsegin dut.
Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Aisialdian kirola egin dut batik bat. Mendian eta inguruko elizateen bueltan paseatzen oso gustuko dut, baita korrika egitea ere. Pilotan jardundakoa ere banaiz, eta orain, praktikatu baino gehiago telebistan jarraitzen dut. Azken bi urteetan zaletasun berri bat daukat; baso bat erosi nuen eta ordu dezente igarotzen ditut garbitzen eta landaketak egiten. Ortu lanetan ere ikasten nabil; ea aurten Aretxabaletako tomatea batzeko gai naizen.
Gaurkotasuna jarraitzen duzu?
Bai. Goiena bitartez jasotzen ditut herriko eta bailarako albisteak, eta, aldizkariak ere irakurtzen ditut euskarri digitalean. Irratia ere entzuten dut eta telebistako albistegiak ikusi ere bai.
Osatu duzuen zerrendarekin gustura? Zein ezaugarri ditu?
Bai, oso gustura nago. Eskarmentu handiko taldea daukagu; izan ere, gaur egun Udal Gobernuan dauden lau lagunek jarraituko dute –Karmele Uribarri, Javier Mar, Unai Elkoro eta Koldo Zubillaga–. Agintaldi honetan abian jarri eta hurrengorako geratu diren proiektuei jarraipena emateko pertsona garrantzitsuak izango dira, hala nola, komentuko eguneko zaintza zerbitzuari, zentro soziosanitarioari, Kurtzebarri eskolako institutu berriari.
Aldi berean lehenengo seiren artean bi pertsona berri dauzkagu –Conchi Muñoz eta Maider Triviño–. Conchik kudeaketan eskarmentu handia dauka eta administrazio publikoa ere ezagutzen du; proiektuak planifikatu eta jarraitzeko elementu aproposa da. Maiderren kasuan kultura zein gazteriaren inguruko gaietan interes berezia duen emakumea da; Joxe Migel Uribarren ere hor daukagu laguntzeko prest. Orokorrean, udalgintzan esperientzia daukaten pertsonek osatzen dute. Hortaz, zerrenda anitza eta orekatua daukagu.
"Aberastasuna herrian geratzea eta bertan inbertitzea da premia nagusia; Aretxabaleta herri atsegina bilakatzen jarraitu behar dugu"
Zein da Aretxabaletaren premia nagusia?
Aberastasuna herrian geratzea eta bertan inbertitzea. Aretxabaleta herri atsegina izan dadin jarraituko dugu lanean, herrian bertan bizi eta herrian kontsumitzeko; adin tarte guztientzako herri bizia eta dinamikoa izateko. Gaur egun erraztasun handiak ditugu gure aisialdia herritik kanpo igarotzeko eta aldi berean gure kontsumoa kanpoan edo Internet bidez egiteko. Joera globalen aurrean tokikotasunaren balioetan sakontzen jarraitu behar dugu, herriak eta herriko eskaintzek bertakoentzako eta kanpokoentzako erakargarriak izaten jarrai dezan: herri erosoa, beharrezko zerbitzuak dituena, komertzio eta ostalaritza indartsu batekin, atsegina eta dinamikoa.
Eta premia horiei aurre egiteko zer proposatzen du EAJk?
Gure programak norabide horretan eragiten du; alde batetik, herriak eta herritarrek behar dituzten azpiegiturak eraikiz eta zerbitzuak eskainiz. Zerbitzu berrien artean daude komentuan eta osasun zentro berrian eskainiko dugun zaintza zerbitzua eta zentro sozio sanitarioa, hirugarren adinekoen ongizatea hobetuko duena. Azpiegiturei dagokienez, honako inbertsio hauek proposatzen ditugu: Kurtzebarri institutu berria, Lausittako Hornidura eta Saneamenduko Plan Berezia (PEAS) eta urbanizazioa, Iturrigorri pilotalekuaren eraberritzea eta hutsik geratuko diren azpiegiturak antolatu eta eragileen beharretara bideratu. Eta bestetik, herria dinamizatzeko programak aurrera eramanaz, bai zuzenean Udaletik antolatutako ekintzekin zein herriko eragileekin elkarlanean: merkataritza eta ostalaritza, kultura eta sorkuntza, kirola, gazteak eta adinekoak…
Zuen hauteskunde-programaren muina zein da?
Herritarren bizi kalitatea hobetzea da gure helburua, eta udalak zuzenean eman beharreko zerbitzu eta azpiegiturak garatzea. Baina zer egiten den bezain garrantzitsua da nola egiten den. Eta hor dago Aretxabaletako EAJren hautagaitzaren balio nagusia: gobernantza eredu irekia eta gardena. Horretan sakontzen jarraitzeko konpromiso historikoa dugu, gertutasuna mantenduz eta herritarrei lehentasuna emanez.
"Herritarren bizi kalitatea hobetzea da gure helburua, eta udalak zuzenean eman beharreko zerbitzu eta azpiegiturak garatzea"
Potentzialik badu Aretxabaletak?
Bai, aretxabaletarrak dira. Era berean, ingurune paregabea daukagu ekintzak antolatzeko eta kanpoko jendea erakartzeko, eta ez dugu behar beste baloratzen.
Alkate izendatzen bazaituzte, egingo duzun lehen gauza?
Hurrengo goizean 8:00etarako udaletxera joan eta bertako langile guztiekin elkarrizketatuko naiz, lanari ekiteko.
Eta hauteskundeak irabazi edo ez zelako harremana gurako zenuke izatea alderdion artean?
Harreman leiala izatea eta ona. Garbi dago gai batzuen inguruan iritzi ezberdinak izango ditugula, baina iritzi horiek errespetuz planteatuz gero ez dut uste inolako arazorik sortu beharko litzatekeenik.
Herriko txokorik gustukoena?
Kurtzebarri mendia eta bere inguruak.
UDAko bazkide zara? Loramendi elkartekoa? Ibarra kiroldegikoa?
Bai, hiruretako bazkide naiz.
Zer da Aretxabaletaren ezaugarrietatik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Bizimodua bertan egiteko denetik daukagu. Gehien baloratzen dudana da aisialdiari zein kirolari begira bizi garen inguruneak ematen dizkigun aukerak: mendi bueltak, elizateen inguruan paseoan zein bizikletan ibiltzeko aukera… Baina asteburutan zein opor garaian herria hustu egiten da, eta bertan gelditzea erabakitzen duenarentzat eskaintza asko murrizten da.
Herria nolakoa den kanpoko bati azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?
Herri lasaia da eta oinarrizko zerbitzuak dituena: hezkuntza eta osasun zentroak, kirol eta kultur eskaintza. Ondo komunikatuta gaude, bizitzeko erosoa da eta irisgarria. Eta ingurune politean kokatua dago.
Zer espero duzu gertatzea maiatzaren 28an?
Gu irabazteko asmoarekin aurkeztu gara. Dena den, emaitza bat edo bestea izan, hor egongo gara lanerako gertu, herriak jartzen gaituen lekutik.