Gari Iturbe alkategaiak azaldu du programa garatzerako orduan abiapuntua izan dela pertsona guztiak aintzat hartzea; zintzotasunean eta gardentasunean oinarritutako gobernantza ereduan jartzea fokua, azkartasunean eraginez; herri bizia izanik horren garrari eustea; eta herritarrekin batera egitea planteamenduak.
Espazio "biziak"
Hortik abiatuta zazpi multzo zehaztu dituzte. Batetik dago "espazio biziak" egokitzea, "herritarrei aukerak zabaltzeko". Eta espazio bizi horien artean hainbat aipatu dituzte; garrantzitsuenak honako hauek: sorkuntzarako espazioaren egokitzapena, kuartelaren beharrak aztertuta; gune estaliak, haurrek jolas egin dezaten, kirola egin edo askotariko ekintzak antolatu; emakumeen* ahalduntzeko espazio bat, haien eta mugimendu feministen beharrei erantzuteko; pilotalekua egokitu irtenbidea emateko espazio faltari, aldagela beharrari eta akustikari; gazteentzako gune bat egokitu, haien beharrak aseko dituen gune autogestionatu baten proiektua garatuta.
Agenda bateratuaren beharra
Bigarren multzoan, herriko bizitza eta eragileen elkarlana bultzatzea hartu dute ardatz. "Agenda bateratu baten beharra agerian geratu da, herriko eragileen ekintzak jasoko dituen egutegi baten beharra", azaldu du Iturbek. Eragileen mahai bat aktibatu beharra ere jarri dute mahai gainean, "integratzaileak diren eta herrian osotasunean hartuko duen planteamenduak eta parte hartzea bultzatzeko". Auzoei, herrikoei zein baserri ingurukoei, autonomia ematea gura dute eta erdigunetik harantzago "auzoetako ekintzak indartu" bertako kolektiboekin batera.
"Pertsona guztien herria"
Aretxabaleta "pertsona guztien herria" izan dadin hainbat lan ildo zehaztu dituzte hirugarren multzoan: "Bizitzako etapa ezberdinetan pertsonok ditugun beharretan jarri gura dugu fokua". Hala, zahartzaro aktibo eta osasungarria bultzatu gura dute: "Kontuan hartuta Aretxabaletan pertsona nagusien %43 bakarrik bizi direla". Eguneko zentro berrian "pertsona ardatz" duen zaintza eredua planteatu dute. Etorri berrientzat harrera egitea zehaztu dute eta laguntza indartzea. Eta gazteen osasun mentalari erreparatuta laguntza psikologikoa bideratzea dute asmo.
Konponketa lanak eta etxebizitzak
Aretxabaletan lan eta bizitzeko aukerak zabaltzea da beste ildoetako bat: "Gure herrian funtsezkoak diren zerbitzuak hobetzea, merkatariekin plan integral bat egitea, nekazaritza eta abeltzaintza indartzea eta industria-enpresei laguntzea dira gure helburuak".
Mantentze eta konponketa azkarreko zerbitzuari ere garrantzi handia eman diote. "Herriko kaleak eta ekipamenduen mantentzea hobetu nahi dugu, eta sor daitezkeen arazo eta matxuren aurrean erantzun azkarra eman".
Etxebizitzetan ere jarri dute fokua eta proposamen ezberdinak dituztela azaldu dute: "Udalak batetik, etxebizitzak eskuratuko ditu alokairuan jartzeko. Eta bestetik, etxe tutelatuen proiektu aurrerakoia bultzatu gura dugu".
Azkenik, haurtzaro eta gaztaro etapak "bere osotasunean" hartu behar direla zehaztu dute: "Bizitzako lehen etapek erabat baldintzatzen dute etorkizuna. Horregatik, prebentzioan oinarritutako zerbitzuak bideratuko ditugu".