Komentuan egokituko dituzte autonomoak diren edo mendekotasun maila arina duten adineko pertsonentzako arreta zerbitzu integratua eta Basotxo erretiratuen elkartearen egoitza. "Zaintza ekosistemaren bihotza" izango diren zerbitzuak eskainiko direla han gogorarazi du Mikel Uribetxebarria alkategaiak: "Pertsona erdigunean kokatzen dugu, bakoitzaren beharrak eta nahiak kontuan hartuz".
"Zaintza eredua eraldatzeko oinarriak" ezarri direla han gaineratu du Uribetxebarriak eta "ibilbide orri zehatza" landu duela Aretxabaletako EAJk, "herritarren bizitza hobetzen jarraitzea" helburua izanik. "Gure eredua zainketak pertsonalizatzea da. Pertsona bakoitzari nahi eta behar duena eskaintzea. Zainketen kalitatea bermatu behar da uneoro, eta hori da gure konpromisoa datozen urteetarako. Berrikuntza, hurbiltasuna, pertsonalizazioa eta kalitatea", azaldu du Uribetxebarriak. Horretarako, "komunitatea aktibatu" beharra aipatu du eta "lankidetzazko sareak" eraikiko direla komentuan gaineratu.
"Gune berritzaile" horretan espazioak partekatuko dira: "Horrela, guztion integrazioa sustatzeko gune aproposa eratuko da". Erretiratuen elkartearen egoitza, taberna eta jantokia egongo dira han. Eraikinaren beheko solairuan dagoen kapera kultura anitzeko gunea bihurtuko da, eta herrian antolatzen diren ekintzetarako erabili ahal izango da. Era berean, gogorarazi du komentua inguratzen duen horma eraitsi egingo dela, transformadorea lurperatu eta zubi bat egokitu.
Lan bilera
Komentura egindako bisitaren aurretik, Uribetxeberriak, Mendozak eta Peñak lan bilera izan zuten eta Aretxabaletak eta Gipuzkoak gizarte politiken eta zaintzaren esparruan egiten ari diren lanaren inguruan hausnartu. Era berean, aukera aprobetxatu zuten "etorkizunera begirako gakoak, erronkak eta proiektuak" partekatzeko. "Herritarrekin, hirugarren sektorearekin eta tokiko eragileekin elkarlana funtsezkoa da, eta nola ez, baita erakundeekin ere", zioen Uribetxebarriak.
Mendozak, bere aldetik, adineko pertsonen arreta EAJren "gizarte politika ereduaren lehentasunetako bat" dela adierazi zuen: "Hurrengo legealdian, esku artean izango dugun erronka nagusietako izango da". Gizarte politikarekin batera, "ekonomia sustatzen" jarraitzearen garrantzian jarri zuen arreta eta Uribetxebarriaren kudeaketarako gaitasuna eta lankidetzarekiko borondatea nabarmendu zituen.