Gari Iturbe: "Zintzotasunez, umiltasunez, hankak lurrean eta herritarrekin batera egin nahi dut lan"

Mirari Altube Arrese 2023ko api. 27a, 07:00

Gari Iturbe alkategaia Aretxabaletako Herriko Plazan.

Gari Iturbe Etxebarria (Aretxabaleta, 1979) da EH Bilduren alkategaia. Lehenengoz aurkeztu da udalean jarduteko eta "taldea polita osatuta" gogotsu dago lanerako. Delineazio industrialeko goi mailako zikloa ikasi zuen lehenengo, eta ondoren, mekanizazio arloko ingeniaritza teknikoa. Irakaslea da Aretxabaleta Lanbide Eskolan eta metodologia berrien ikastetxeko koordinatzailea ere bai.

Zeinek konbetzitu zintuen EH Bilduren zerrendaburu izateko?

Zeinek baino zerk esan behar; proiektuak konbentzitu ninduen eta horren bueltan batuko zen jendeak, hau da, taldeak. Etxekoen eta ingurukoen babes osoa izan dut, gainera; eta horrek asko lasaitu nau.

Berria zara udal jardunean. Zerk ematen dizu bertigo handien? Eta zerk erakartzen zaitu gehien?

Egia da berria naizela udal jardunean baina udal taldearen inguruan, modu batera edo bestera, laguntzen ibili izan naiz. Sortu dugun taldeak jardun horretan egin dezakeen ekarpenak motibatzen nau bereziki. Era berean, bertigoa ematen dit anonimotasuna galtzeak; herrian ez naiz ezezaguna, baina orain, are eta gehiago galduko dut anonimotasun hori.

Zure indargunea zein da?

Oso gaztetatik ibili izan naiz saltsa baten edo bestean, eta hori izan daiteke nire indarguneetako bat, herriaren ezagutza hori, saltsa askotan ibiltzeak ematen didan ikuspuntua. Militantea izan naiz, lan mota ezberdinetan inplikatuta topera, baietza ematen dudanean buru-belarri sartzen naizelako. Edozein lan mota egiten dut, gainera; lanak ez dit inolako beldurrik ematen. Zentzu horretan, baina, lasaitasun handia ematen dit taldeak. Hasieratik esan izan dut alkate joan behar dena bat dela baina nire burua ez dut irudikatzen goitik beherako gobernantza baten.

"Alkate joan behar dena bat da baina nire burua ez dut irudikatzen goitik beherako gobernantza baten"

Ideologikoki nola definituko zenuke zure burua?

Nik utopietan sinisten dut eta uste dut utopiek markatzen dutela beti iparra. Sinisten dudan horri guztiorri modu indibidualean beharrean modu kolektiboan aurre egitea gustatzen zait. Utopia bai, baina hankak lurrean, noski. Nik ez ditut promesa handiak egin nahi, horren aurretik beste pauso batzuk eman behar direlako. Zintzotasunez, umiltasunez, hankak lurrean eta herritarrekin batera egin nahi dut lan. Taldean ere bat gatoz horrekin, behetik gorako filosofian sinisten dugu, asko gatozelako herrigintzatik. Hankak lurrean eta zirri-zirri lan egitera ohituta gaude.

Eta, Gari Iturbe nolakoa da?

Gari ezberdinak daude; behar bada orain dela urtebete Gari bat nintzen eta orain beste bat. Bizi garen sistema honetan gauza askok dute eragina eta ni ez naizenez bizi hortik kanpo, eragina dute nire eraldaketan ere. Adibidez aita izateak ere orain naizen Gari honetan eragina du. Gari musikoa dago, oso gustuko duena musika eta bost instrumentu dituena eskuartean: Aretxabaletako gaiteroen parte naiz eta Bixentak taldean bateria jotzen dut, baina alboka, pianoa eta baxuarekin ere ahaleginetan nabil. Gari militantea dago. Gari aita dago. Gari bikotea. Gari lagunen laguna, eta horri garrantzia ematen diot. Eta jaiak gustuko dituena eta parrandazalea ere badago.

Astialdian zer egitea gustatzen zaizu?

Musikaz gain, kirola ere gustuko dut. Ariñeketan ibili izan naiz asko, orain gutxiago; bereziki mendi aldera eta auzoetara jotzen dut. Jendearekin egotea ere gustuko dut: egon, berba egin, zerbait hartu haiekin… Horrez gain, familian planak egitea gustuko dut, izan denok, umeekin edo bikotekidearekin.

Gaurkotasuna jarraitzen duzu?

Bai, bai. Sare sozialetara jotzen dut asko eta beti hartzen dut tarte bat informatzeko, ikusi baino gehiago albisteak irakurri egiten ditut. Formatu digitala eskuragarriago izaten dut eta han gehiago irakurtzen dut.

Osatu duzuen zerrendarekin gustura azaldu zara. Zein ezaugarri ditu?

Bai, taldearekin oso gustura nago. Eta kalean eta inguruan ere jendea gerturatu zait hori esatera: "Talde indartsua eratu dugula, profil anitzeko jendearekin osatua..." Arlo ezberdinetatik gatozen jendea gara, lan munduan izandako ibilbideak asko lagunduko digu Udal jardunean; eguneroko erronkei zein administrazio-lanei heltzeko gertatutako jendea dago, baina badago udalean eskarmentu handia duen jendea ere. Eta horrek egiten du oso talde indartsua: gaztetasuna dugu, esperientzia, lan munduan ibilbide luzea izan duen erretiratua...

Zein da Aretxabaletaren premia nagusia?

Guk irudikatzen dugu guztion beharrak aseko dituen herri bat, guztiontzat kalitatezkoa izango den bizileku bat, eta zentzu horretan badaude premia batzuk. Premia horiek, gainera, ez dira guri unean bururatu zaizkigunak, urteetan, herritarrekin egon izan garenetan, jasotakoak dira; hortaz, jendearenak dira, besteak beste honako hauek: erabilpen anitzerako guneen estaldura falta, kuartelaren egitura, komentuko ereduaren kudeaketa orekatua, harrera plan bat, konponketen aurrean erantzuteko azkartasun falta, emakumeen ahalduntzerako gunea, etxebizitzen gaiari heldu beharra –alokairua sustatzeko–, etxe tutelatuen hausnarketa, pilotalekuaren beharrak, jasangarritasuna eta beste hainbat, arlo ezberdinetan.

"Guk irudikatzen dugu guztion beharrak aseko dituen herri bat, guztiontzat kalitatezkoa izango den bizileku bat"

Eta zer egin dezake EH Bilduk premia horiei aurre egiteko?

Argi duguna da premia horiei modu integralean edo globalean heldu behar diegula, zelako Aretxabaleta nahi dugun erantzunaz, eta horretarako, bideratu beharko litzateke kolektibo edo eragile ezberdinen arteko hausnarketa, komunitatearen lanketa bultzatu. Aretxabaleta herri bizia da, inork ez du zalantzan jartzen hori, eta bizitasun hori zaindu egin behar da, horrek laguntzen duelako esandako premia horiei guztiei aurre egiten. Esaterako, hor dugu Aretxarte merkatarien elkartea egiten dabilen ahalegina; kuartelaren inguruan sortu den mugimendua; Basotxo erretiratuen elkartea zahartzaro aktiboaren eta bakardadearen gainean egiten dabilen lanketa garrantzitsua; gazteen ahalegina jai herrikoi parte-hartzaileak izan daitezen; herriko feministek emakumeen ahalduntzearen eta erregularizazioaren gainean egiten dabiltzan lanketa; Loramendik euskal kultura sustatzeko egindako lana, UDAk egiten duen ahalegina baloreak lantzeko eta herrian antolatzen dituzten ekintzak... Horiek guztiek markatzen dute herriko iparra eta egiten dute Aretxabaleta bizi bat. Bizitasun edo gar hori aktibatuta mantentzeko espazioak bideratu behar zaizkie kolektibo horiei guztiei batetik, eta bestetik, eragile horiekin guztiekin aurrea begirako estrategia bat markatzea nahi dugu gure energia eta inbertsioak ere bide horretan joan daitezen.

Zuen hauteskunde-programaren muina zein da?

Hainbat aipatuko nituzke. Esandako moduan espazio ezberdinen falta edo egokitzapen beharra dago hor: behar ezberdinetarako gune estaliak, sorkuntzarako beharrezkoa den ekipamendua, emakume txoko bat, pilotalekuaren beharrak... Eta gero daude aretxabaletar guztion beharrak zainduko dituen atala; kolektibo ezberdinak daude eta horiekin lan espezifikoa egin nahiko genuke: bakarrik bizi diren 65 urtetik gorakoak, LGTBIQ+, migratzaileak... Era berean etxebizitzaren gaia iparretako gai bat izango da, eta ildo horretatik proposamen bat dagoeneko egin da agintaldi honetan, alokairu parke bat sortze aldera. Eta etxe tutelatuen hausnarketa ere egin gura dugu, bakardadearekin lotuta. Negozioak edo enplegua sortzen dutenen beharrak aztertu eta laguntzak bultzatzea ere gurako genuke. Arazo ezberdinen aurrean zintzotasunez erantzuteko konpromisoa ere hartuko dugu.

"Herri bizia da Aretxabaleta; eragile ezberdinak eta oso aktiboak daude, eta herritarrak, gainera, parte-hartzaileak gara; hori izugarrizko altxorra da"

Potentzialik badu Aretxabaletak?

Bai, noski. Herri bizia da, eragile ezberdinak eta oso aktiboak daudelako, eta herritarrak, gainera, parte-hartzaileak gara. Hori izugarrizko altxorra da. Izan ere, haiek dira herria bultzatzen dutenak eta Udala izan behar da erreminta bat edo bidelagun bat. Hezkuntzan, esaterako, asko aldatu da metodologia eta irakasleok pasatu gara erakustetik bidelagun izatera, motibatzaile izatera. Eta Udalean ere horixe dela bidea ikusten dut. Herritar batek izan ditzakeen trabendako zubiak eraiki behar dira, aurrera egitea errazteko, azkarrago erantzun, guztia izan dadin errazagoa.

Alkate izendatzen bazaituzte, egingo duzun lehen gauza?

Udaleko langileak ezagutu; asko ezagutzen ditut baina beste batzuk ez, eta haiengana joan eta aurkeztu egingo naiz, haiekin egon.

Eta hauteskundeak irabazi edo ez zelako harremana gurako zenuke izatea alderdion artean?

Argi dugu lankidetza bultzatu gura dugula. Herriak ere hori eskatzen du. Aurretik esan ditudan ildotik doazen proiektuen babesle eta laguntzaile izango gara, agintean egon edo ez, beste alderdi baten proiektuak izanda ere.

Herriko txokorik gustukoena?

Naturgunean daude nire lekurik gustukoenak: Urkulun badago lekutxo bat, Kurtzebarrin ere baditut pare bat lasai egoten naizena... Era berean, umetako bizipenak datozkit gogora eta Porrukotxararekin akordatu naiz. Hainbeste ordu pasa genituen han beti dudala Porrukotxara barruan sartuta, jolasleku zen guretako.

UDAko bazkide zara? Loramendi elkartekoa? Ibarra kiroldegikoa?

Bazkidetza mordoa ditugu etxean: UDAko bazkide gara, gainera, UDAko bazkidetzarekin anekdota bezala jaio eta osaba batek bazkide egin ninduen; gastronomia elkarte batekoak; Goienako harpidedunak, Argiakoak eta Berriakoak... Kiroldegian bonuak erabiltzen ditugu; izan ere, Aretxabaletatik kanpo hainbat hilabetez bizi izan ginen eta orduan eten egin genuen bazkidetza baina berriro egiteko fasean gaude.

Zer da Aretxabaletaren ezaugarrietatik gehien gustatzen zaizuna?

Herriaren bizitasuna, gauzak antolatzeko dagoen gogoa. Kanpotik datorren jendeak sarri esan izan dit: "Aretxabaletan beti daukazue zerbait". Eta horrek harrotasunez betetzen nau.

Herria nolakoa den kanpoko bati azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?

Nik beti nabarmentzen dut bi pausotan naturgunean zaudela; izugarri baloratzen dut hori eta horregatik beti aipatzen dut. Naturgune zoragarri batekin dagoela inguratuta esanaz hasten naiz, eta ibilbide eta aukera asko eta oso txoko politak dituela azpimarratu. Lehen esandako moduan bizitasuna duen herria dela ere esaten dut.

Zer espero duzu gertatzea maiatzaren 28an?

Aldaketa ematea gustatuko litzaiguke. Hala ere, herriak erabakiko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak