Sortzen aholkularitzaren gidaritzapean, hori zehazten jardun dute Udaleko Gazteria eta Berdintasun sailek eta Gizarte Zerbitzuek, Arizmendi ikastolak, Kurtzebarri eskolak, gaztelekuko hezitzaileek, osasun zentroak eta Erdu talde feministak. Lau ardatz ditu: indarkeriarik gabeko bizitzak; segurtasuna eta biktimen babesa; ahalduntzea eta erreparazioa, eta adingabeak. Protokoloa etengabeko prozesua izango dela adierazi dute Udaletik, eta formakuntza, hobekuntza, ikuspuntu kritikoa eta eragileen arteko koordinazioa hartuko dituela bere gain. Horren guztiaren berri emango dute eguaztenean, Arkupen.
Lehenengoa 2011n sinatua
Lehenengo protokoloa 2011n sinatu zen, indarkeria matxistaren inguruko arreta eta koordinazioa hobetzeko beharraren ondorioz, emakumeen aurkako genero indarkeria eta sexu-abusu kasuetan erakundeen arteko elkarlana bultzatzeko. Udalak, Debagoieneko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuak, Osasun Zentroak eta Bergarako Ertzain-etxeak sinatu zuten orduan. Bi urte geroago, 2013an,
koordinazio-mahaiak dokumentu berri bat adostu zuen, erakundeen arteko elkarlanaren helburuak eta baldintzak jasotzen zituena.
Era berean, indarkeria matxistaren arloko Berdintasunerako II. Udal Planak honako helburu hauek ezartzen ditu: herritarrak informatuta izatea, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko mekanismoak abian jartzea, eta emakumeen segurtasuna indartuko duten ekintzak sustatzea.
Protokoloa berrituta egungo egoerari hobeto erantzun gura zaio, azken urteetan udal-arretako prozeduretan eragina izan duten lege-aldaketak kontuan izanda. Aldi berean, inplikatutako eragileen arteko sareko lana indartu gura dute biktimei ahalik eta erantzun onena emateko, gida eta laguntza izango diren jarraibideak eskainita.